"Antolakuntzak merezi du". Hala azpimarratu du Busturialdeko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, Gernikan (Bizkaia) gaueko tren-zerbitzua indartzeko neurriak hartuko direla jakitean. Izan ere, Itaiak 2022ko udan ekin zion borrokari, tren-zerbitzua modu egokian berma zedin. Antolakundeak salatu zuenez, gauetan, Gernikako hiru geralekuetatik bakarrean gelditzen da Euskotrenen zerbitzua, eta Lurgorrin eta Institutuan ere geldialdiak egin daitezela exijitu zuen.
Eskaerak babes handia izan zuen herrian, eta 2.000 sinaduratik gora bildu zituen Itaiak. Gogorarazi duenez, "momentu horretan egindako presioak aurrekari bat markatu zuen", eta fruituak eman ditu orduan "egindako lanak eta jendearen inplikazioak": otsailaren 24tik aurrera, trena Lurgorrin eta Institutuan ere geratuko da larunbat gauetan. "Aurrerapausoak lortzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, eta horretan jarraituko dugu", adierazi dute bertako kideek.