Aurten bete dira 88 urte Alemaniako eta Italiako indar faxistek Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenetik, eta gaur egingo dute erasoaren biktimak oroitzeko ekitaldi instituzional bat herrian. Ordezkari politiko ugarik parte hartuko dute saioan, tartean, Imanol Pradales lehendakari jeltzaleak, Espainiako errege Felipe VI.ak, eta Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeierrek (besteak beste, Israelen alde egiten du aktiboki).
Bisita horien aurkako erantzuna nabarmentzen ari da: Busturialdeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), esaterako, gaur goizerako antolatu du protesta bat, Faxisten eta inperialisten aurpegi zuriketaren aurrean, gazte langileok antolatu lelopean. Hasieran 10:00etarako deitu zuten manifestazio batera, baina horretarako baimena ukatu diotenez, hitzordua aldatu behar izan du, eta 11:00etan egingo du elkarretaratze bat Gernikako Merkatu Plazan. "Bakezalez mozorrotutako gerrazaleei" ezetz esango die jende andanak.
"Agintari horiek, Europako agenda gerrazalea babestu eta estatuen deriba autoritarioa bultzatzen dute", GKSk ohartarazi duenez, eta "gero eta hedatuago dauden diskurtso faxistak indartzeko testuingurua elikatzen" dutela azaldu du. Uste du, beraz, "ekitaldia aurpegi zuriketa bat baino ez" dela: "Gaur gerra, miseria eta heriotza sustatzen duten horiek ezin dute bakearen eta konponbidearen izenean langile-memoria historikoa erabili eta Gernikara etorri". Horiek horrela, "ekimen hipokrita" hori salatu du gazte-antolakundeak, baita deialdia "aurrera joatea ahalbidetzen dutenen konplizitatea" ere.