Ekainaren 28tik 29ra bitartean, Gazte Langileon Topaketak izango dira Azpeitian (Gipuzkoa): bi egunez elkartuko dira bertan "kapitalismoari aurre egiteko borondatea" duten hainbat eta hainbat gazte, egin beharreko borrokari buruz eztabaidatzeko. Euskal Herriko hamaika herritako eta auzotako gazteak batu dira topaketak antolatzeko, eta atzo eman zuten hitzordu garrantzitsuaren berri, agerraldi baten bidez.
Gazte Asanbladen eta Gaztetxeen lana, funtsezkoa
Eguneroko jardunaren bidez, "antolakuntzan eta borrokan oinarritzen den kultura oso bat hedatzen saiatzen" direla azaldu dute gazteek; eta, zentzu horretan, "ezinbestekoa" dela Euskal Herriko Gazte Asanbladek eta Gaztetxeek egiten duten lan etengabea.
Eragile horiek guztiek egiten duten lana balioan jarri dute; besteak beste, "kolpatzen gaituzten auzi ezberdinen aurkako borroka-prozesuak piztea, ikuspegi kritikoa hedatzeko balio duten ekimenak antolatzea, injustiziak salatzea eta horiei aurre egiteko dinamikak bultzatzea, eta herrietako zein auzoetako gazteentzat ohiko aisialdi-ereduaz aparteko alternatiba zabala eskaintzea".
Gazte langileak, kolpatuak
Agerraldian, bestalde, "langile-klaseko gazteriak" gaur egun jasaten duen "ezegonkortasun" egoeraz ohartarazi dute, eta horrek "ertz" ugari dituela diote. Hala, aipatutako gazte-eragileak ertz horiek guztiak "kolpatzen" ahalegintzen direla gogorarazi dute, ulertuta "gazte langileon ezegonkortasun egoera" ez dela "hobetuko politikari profesionalen eta beren instituzioen bitartez".
"Kontrara, horietatik kanpo eta gure kabuz antolatzen garenon artean indarrak batu behar ditugu", aldarrikatu dute topaketak prestatzen ari diren gazteek: "Gazte langileon arazoen gaindipenak kapitalismoarekin amaitzea eskatzen du, bai eta balio askatzaile eta unibertsaletan oinarrituko den gizartearen eraikuntza ere".
Gazte Langileon Topaketak, urrats bat
"Hausnarketa horiek partekatzen" dituzten hainbat eta hainbat gazte batu dira orain, "norabide horretan ekarpena egiten jarraitzeko" asmoz, pauso bat emateko. Egin beharreko lan horren inguruan aritzeko ekin diote Gazte Langileon Topaketak antolatzeari Euskal Herri osoko gazte, Gazte Asanblada eta Gaztetxe ugari. Helburu nagusiak dira, hain justu, "gazteon egoeraz hausnartzea, eduki politikoa lantzea, herri zein auzo ezberdinetatik egin dezakegun ekarpenaz eztabaidatzea nahiz egunerokoan tokian tokiko esperientzia- eta borroka-ereduak elkartrukatzea eta horietatik irakaspenak ateratzea".
"Horri guztiari forma emanez" sortu dute egitarau bat ekainaren 28rako eta 29rako: "hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta aisialdi eskaintza" izango dituzte bi egunez Azpeitian. "Komunitate politikoa eraikitzeko ere balio dezan nahi dugu, gure arteko harremanak estutzeko", gaineratu dute antolatzaileek. Datozen asteetan emango dute egitarauari eta abarri buruzko xehetasunen berri.