Benjamin Netanyahu Israelgo Estatuko lehen ministroak atzo iragarri zuenez, operazio militar areagotu bati ekingo diote sionistek Gazako Zerrendan, segurtasun-kabineteak aho batez onartu baitu horretarako plana. Hebreeraz zabaldutako mezu batean, Netanyahuk esan zuen "Gazako biztanleria" lekualdatuko dutela "bere babesagatik", okupazio-mugimendu berrien lurralde-irismena zein izango den zehaztu gabe. AFP eta Reuters agentziek aipatutako iturri ofizialen esanetan, planak "enklabearen konkista eta haren kontrolaren mantentzea" aurreikusten ditu, eta, gainera, badirudi okupazio-armada sionistaren esku geratuko dela martxoaren 2tik blokeatuta dagoen "laguntza humanitarioa banatzea".
Erasoaldi berria urte eta erdi baino gehiagoko bonbardaketen ostean iritsi da. Al Jazeera-k jasotako datuen arabera, sionistek 52.000 pertsona baino gehiago erail eta 120.000 larriki zauritu dituzte Zerrendan, milaka lagun hondakinen azpian lurperatzeaz gain. Nazio Batuen Erakundeak errefusatu egin du Israelgo Estatuaren azken plana, eta aitortu du "halabeharrez heriotza zibil gehiago" ekarriko dituela, Antonio Guterres idazkari nagusiaren bozeramaile Farhan Haqek adierazi duenez.
NBEko hainbat agentzia biltzen dituen Humanitarian Country Team (HCT) erakundeak salatu du, horretaz gain, sionistek laguntza humanitarioa bideratzeko ezarritako baldintzek "zuzenbide humanitarioaren oinarrizko printzipioak urratzen" dituztela eta "oinarrizko ondasunen gaineko kontrol militarra indartu" nahi dutela.
Barne-mailan, Israelgo Gobernuaren barruko tentsioak nabarmenak dira. Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroak palestinarrentzako elikagaiak, ura eta botikak erabat blokeatzea eta "janari-biltegiak bonbardatzea" eskatu duen bitartean, Eyal Zamir armadako buruak erantzun du neurri horiek "nazioarteko zuzenbidea urratzen" dutela eta "Israel arriskuan" jartzen dutela.
Bestalde, Yair Lapid oposizioko buruak kritikatu du gobernuak "helburu argirik" ez duela, eta lehen ministroari leporatu dio "koalizioari eusteko" ari dela "gatazka luzatzen". Gazatik, Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak "xantaia politikotzat" jo du Israelgo Estatuaren azken plana, eta entitate sionistari egotzi dio abian den hondamendiaren erantzukizuna.