Donald
Trump AEBetako presidenteak eta Benjamin Netanyahu Israelgo Estatuko lehen
ministroak Gazako Zerrendarako 20 puntuko plan eztabaidagarria aurkeztu
zuten atzo. Bide-orriak ez ditu kontuan hartzen Palestinako herriaren borondatea eta etorkizuna, eta, horrenbestez, gabetzean eta kontrolean oinarritutako proiektu bat da, Zerrenda AEBetatik telegidatutako
"resort" teknokratiko bihurtzeko. Planak, Palestinako ezein
fakzioren oniritzirik ez duenak, gobernu "iragankor" bat ezarri nahi du, zer eta Trump eta Tony Blair buru dituen "Bake Junta" batek gainbegiratutako
batzorde "apolitiko" batek osatua.
Laguntza humanitarioa Gazara sartzeko baldintza litzateke gazatarrek eredu hori baldintzarik gabe onartzea. Planak erresistentzia palestinarraren erabateko armagabetzea inposatu nahi du, eta
Hamasekin lotutako edozein pertsona kanporatzea edo zorrotz
kontrolatzea aurreikusten du. Horren truke, "pizgarri ekonomikoak"
proposatzen ditu, baina ematen du gazatarrek alde egitera bideratuta daudela eta ez dela bermerik ematen bertan geratu nahi dutenentzat. Aldebakarreko
armagabetzearen eta atzerriko kontrolaren formulak Washingtongo
bulegoetan taxututako diseinu politikoari erantzuten dio, sionisten okupazioa betikotzea eta genozidioari beste bitarteko batzuen bidez
jarraipena ematea helburu duena.
Erresistentzia palestinarrak atzemandako preso "israeldar" guztiak eta soilik 1.700 preso palestinar askatzeko promesa
formala egin arren, Gazako etorkizun politikoa desagertu egiten da "autogobernu" lauso baterako bete beharreko baldintzen ortzi-mugan. Inposatutako erreformen mende egongo litzateke, eta Palestinako
Agintaritza kolaborazionistaren zeregina ere ez dago argi; inoiz baino ahulagoa da, eta
estatu sionistak ezarritako status quo erregionalaren aldeko
erreforma-eskakizunak ditu bere gain. Balizko Palestinako Estatuak inolako errekonozimendurik
ez izateak eta "gobernu trantsizionalean" Hamasi betoa jartzeak baztertu
egiten dute palestinarrek beren patuari buruz benetan eta askatasunez
parte hartzeko aukera, eta AEBetako protektoratu bat bizitzera behartzen ditu.
Planak, beraz, ez dio benetako amaierarik ematen genozidioari, ezta
palestinarrentzako irtenbiderik ere: okupazioa eta indarkeria
kolonial jarraitua legitimatzen dituen makillaje diplomatiko bat da.
Bitartean, kanpotik eredu ekonomiko eta politiko bat eraikitzen da, eta
badirudi ezer baino handiagoa dela lurraldea espekulazio
immobiliariorako eraldatzeko interesa, non palestinarrek "berreraikuntzarako" lan-indar
merkearen rola baino ez luketen beteko. Bitartean, Gazako biztanleak sarraskitzen jarraitzen dute sionistek; bonbardaketen, lurreko tropen
erasoen eta gosearen bidez.
Gainera, Trumpek xantaia egin du: erresistentziak haien "eskaintzari" uko egiten badio, AEBetako
presidenteak argi berdea emango die bere aliatu sionistei Gazaren aurkako
eraso genozidarekin segitzeko.
20 puntuko plana
Ondorengoa da Trumpek eta Netanyahuk aurkeztutako jatorrizko testua, hitzez hitz eta osorik euskarara itzulita:
- Gaza erradikalizaziorik eta terrorismorik gabeko eremua izango da, eta ez da mehatxu izango bere bizilagunentzat.
- Gaza bere biztanleriaren onerako berreraikiko da, dagoeneko nahikoa sufritu baitu.
- Bi aldeek proposamen hori onartzen badute, gerra berehala amaituko da.
Israelgo indarrak bahituen askapena prestatzeko adostutako lerrora
erretiratuko dira. Denbora horretan, operazio militar guztiak etengo
dira, aireko eta artilleriako bonbardaketak barne, eta borroka-lerroak
izoztuta egongo dira, etapaka erretiratzeko baldintzak bete arte.
- Israelek akordio hau publikoki onartzen duenetik 72 orduko epean,
bahitu guztiak, bizirik daudenak eta hildakoak, itzuli egingo dira.
- Bahitu guztiak askatu ondoren, Israelek biziarteko kartzela-zigorra
duten 250 preso askatuko ditu, baita 2023ko urriaren 7aren ondoren
atxilotu zituzten 1.700 gazatar ere, testuinguru horretan atxilotutako
emakume eta haur guztiak barne. Bahitutako pertsona bakoitzeko, Israelek
Gazako hamabost biztanleren gorpuzkiak itzuliko ditu.
- Bahitu
guztiak itzuli ondoren, amnistia emango zaie Hamaseko kideei, baldin eta
elkarrekin modu baketsuan bizitzeko eta armak botatzeko konpromisoa
hartzen badute. Hamaseko kideek Gazatik alde egin nahi badute,
harrera-herrialdeetarako pasabide segurua emango zaie.
- Erabaki hau onartu ondoren, berehala bidaliko zaio laguntza osoa Gazako
Zerrendari. Laguntza kopurua bat etorriko da, gutxienez, laguntza
humanitarioari buruzko 2025eko urtarrilaren 19ko erabakian
jasotakoarekin, azpiegiturak birgaitzea (ura, elektrizitatea,
estolderia), ospitaleak eta okindegiak birgaitzea eta hondakinak
kentzeko eta errepideak irekitzeko beharrezko ekipoa sartzea barne.
- Gazako Zerrendako banaketa eta laguntza sartzea bi aldeen
interferentziarik gabe egingo da, Nazio Batuen Erakundearen eta bere
agentzien bidez eta Ilargi Erdi Gorriaren bidez; bai eta aldeekin inolako loturarik ez duten nazioarteko beste erakunde
batzuen bitartez. Rafahko muga-pasabidea bi norabideetan irekitzeko,
mekanismo bera aplikatuko da 2025eko urtarrilaren 19ko akordioaren
arabera.
- Gazako biztanleentzako zerbitzu publikoen eta herrien eguneroko
kudeaketaz arduratzen den batzorde palestinar teknokratiko eta apolitiko
baten aldi baterako gobernu iragankorrak zuzenduko du Gaza. Batzorde
hori palestinar kualifikatuek eta nazioarteko adituek osatuko dute,
trantsizioko nazioarteko erakunde berri baten ("Bake Junta")
ikuskaritzapean eta kontrolpean, eta Donald J. Trump presidenteak gidatu eta zuzenduko du, laster iragarriko diren beste kide eta
estatuburu batzuekin batera, besteak beste, Tony Blair lehen ministro
ohia. Erakunde horrek ezarriko du Gaza berreraikitzeko esparrua,
eta hura finantzatzeaz arduratuko da, harik eta Palestinako Agintaritzak
erreforma-programa osatu arte, hainbat proposamenetan azaltzen den
bezala (besteak beste, Trump presidentearen 2020ko bake-planean eta
Saudi Arabiaren eta Frantziaren arteko proposamenean), eta Gazaren
kontrola modu seguru eta eraginkorrean berreskuratzeko aukera izan arte.
Erakunde horrek nazioarteko estandar onenetara joko du gobernantza
moderno eta eraginkorra sortzeko, Gazako herriarentzat baliagarria
izango dena eta inbertsioak erakartzen lagunduko duena.
- Trumpen garapen ekonomikorako plan bat sortuko da Gaza berreraikitzeko
eta dinamizatzeko, Ekialde Ertaineko hiri oparo eta moderno batzuen
sorreran lagundu duten adituen talde bat deituz. Asmo oneko nazioarteko taldeek landu dituzte ondo pentsatutako
inbertsio-proposamen asko eta garapen-ideia interesgarri batzuk, eta kontuan hartuko dira segurtasun-
eta gobernantza-esparruak laburbiltzeko; Gazako etorkizunerako
lanpostuak, aukerak eta itxaropena sortuko dituzten inbertsio horiek
erakartzeko eta errazteko.
- Lehentasunezko muga-zergak eta
sarbide-tasak dituen ekonomia-eremu berezi bat ezarriko da, eta
herrialde parte-hartzaileekin negoziatuko da.
- Inor ez da
behartuko Gazatik alde egitera, eta alde egin nahi dutenak libre izango
dira horretarako nahiz itzultzeko. Jendea gelditzera animatuko dugu eta
Gaza hobea eraikitzeko aukera eskainiko diegu.
- Hamasek eta
beste fakzio batzuek adosten dute ez dutela inolako zereginik izango
Gazako Gobernuan, ez zuzenean, ez zeharka, ez beste inola. Azpiegitura
militar, terrorista eta erasotzaile guztia, tunelak eta armak ekoizteko
instalazioak barne, suntsitu egingo da eta ez da berreraikiko. Gaza
desmilitarizatzeko prozesu bat egingo da, behatzaile independenteek
gainbegiratuta. Prozesu horren barruan sartuko da armak etengabe ez
erabiltzea, desegiteko prozesu adostu baten bidez, nazioartean
finantzatutako berrerosketa eta berrintegrazio programa baten
laguntzarekin, eta hori guztia behatzaile independenteek egiaztatuko
dute. Gaza berriak ekonomia oparoa eraikitzeko eta bere bizilagunekin
modu baketsuan elkarbizitzeko konpromisoa hartuko du.
- Eskualdeko
bazkideek bermeak eskainiko dituzte Hamasek eta bere fakzioek beren
betebeharrak betetzen dituztela ziurtatzeko, eta Gaza Berriak bere
bizilagunentzat eta bere herriarentzat mehatxurik ekar ez dezan.
- Estatu Batuak kide arabiarrekin eta nazioartekoekin lankidetzan arituko
dira, behin-behinean, Nazioarteko Egonkortze Indar (ISF) bat sortzeko, Gazan berehala
hedatuko dena. ISFk Gazan hautatutako indar polizial palestinarrak
entrenatu eta lagunduko ditu, eta Jordania eta Egipto kontsultatuko ditu, esperientzia handia baitute arlo horretan. Indar hori
epe luzerako barne-segurtasuneko irtenbidea izango da. ISFk Israelekin
eta Egiptorekin elkarlanean jardungo du mugako eremuak babesten
laguntzeko, entrenatu berri diren indar polizial palestinarrekin batera.
Funtsezkoa da Gazan munizioak sartzea galaraztea eta merkantzien fluxu
azkarra eta segurua erraztea, Gaza berreraikitzeko eta biziberritzeko.
Aldeek gatazkak saihesteko mekanismo bat adostuko dute.
- Israelek ez du Gaza okupatuko, ezta anexionatuko ere. ISFk kontrola eta
egonkortasuna ezarri ahala, Israelgo Defentsa Indarrak (IDF) erretiratu
egingo dira desmilitarizazioari lotutako arau, mugarri eta epeetan
oinarrituta. Desmilitarizazio hori IDFen (Irakeko indar armatuak),
ISFen, bermatzaileen eta Estatu Batuen artean adostuko da, Gaza seguru
bat lortzeko helburuarekin; Israelentzako, Egiptorentzako edo bere herritarrentzako
mehatxua izango ez dena. Praktikan, IDFek arian-arian entregatuko diete
okupatzen duten Gazako lurraldea ISFei, trantsizio-agintaritzarekin
lortuko duten akordio baten arabera, harik eta Gazatik erabat
erretiratzen diren arte; salbu eta segurtasun-perimetroa baldin badago, Gaza
edozein mehatxu terrorista larriren aurrean behar bezala babestuta egon arte.
- Hamasek proposamen hori atzeratzen edo atzera botatzen badu, aurrekoa,
laguntza-operazioa zabaltzea barne, IDFek Barne Segurtasuneko Indarrei (FSI) eman dizkieten terrorismorik gabeko
eremuetan gauzatuko da.
- Erlijioen arteko
elkarrizketa-prozesu bat ezarriko da, tolerantziaren eta bizikidetza
baketsuaren balioetan oinarritua, palestinarren eta israeldarren
pentsamoldea eta diskurtsoa aldatzen saiatzeko, bakeak ekar ditzakeen
onurak azpimarratuz.
- Gaza berreraikitzeak aurrera egin ahala
eta Palestinako Agintaritzaren erreforma-programa zintzoki gauzatzen
den heinean, autodeterminaziorako eta estatu palestinarra sortzeko bide
sinesgarri baterako baldintzak sor daitezke azkenean, eta hori herri
palestinarraren nahitzat hartzen dugu.
- Estatu Batuek
elkarrizketa bat ezarriko dute Israelen eta palestinarren artean,
elkarrekin modu baketsuan eta oparoan bizitzea ahalbidetuko duen ortzi-muga politiko bat adosteko.