ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / RTVE
2025/10/31 09:38

Gazako Zerrendaren hegoaldeko bonbardaketei eusten die Israelgo Estatuak, bereziki Khan Younis hirian, nahiz eta duela bi egun esan zuen "su-etenera" itzuliko zela eta "borrokak amaitu" zirela. Gazatarrek prentsa arabiarraren aurrean salatu dutenez, aireko eta artilleriako erasoek bere horretan jarraitzen dute, eta beldur dira eskala handiko erasoaldira itzuliko ote diren sionistak. Bitartean, blokeatuta dituzte "su-etenerako" akordioan adostutako elikagaiak, babesa edo laguntza medikoa.

Kolonizazio sionistaren indarkeria genozida ez da Gazako Zerrendara mugatzen, gainera. Zisjordaniako Silwad herrian, 15 urteko gazte palestinar bat, Yamen Samed Hamed, tiroz erail dute Israelgo indarrek sarekada batean, Wafa agentzia palestinarraren esanetan. Nablusen eta Jeninen, okupazio-armadak hainbat gizon atxilotu ditu azken eraso batzuetan, kolono israeldarrek bertakoei bizitza ezinezkoa egiten jarraitzen duten bitartean. Burqa herrixkan palestinarren ibilgailuei su eman diete berriki.

Gazan, hondakinen artean senideen gorpuak bilatzen jarraitzen dute palestinarrek. Wassim al-Yazijik Al Jazeera-ri azaldu dio, adibidez, Nuseiraten hamahiru senide galdu zituela, bere etxea suntsitu zuen bonbardaketa baten ondorioz. "Minutu batzuk irten nintzen eta itzuli nintzenean ez zen ezer geratzen", zioen. Haurrak, bertako psikologoen arabera, trauma iraunkorrak jasaten ari dira urteetako erasoen ondoren. "Nire alabak oihu egiten du leherketa bat entzuten duen bakoitzean", dio Khalil al-Shareefek, bonbardaketa batetik bizirik atera zen adingabe baten aitak.

Egoera ekonomikoak ere ez du hobera egiten. Bankuek kostata ireki zituzten berriro ateak urriaren 16an, baina ez dute likideziarik. "Paperak bakarrik egiten ditugu, ez dago dirurik", zioen Wael Abu Faresek, Reuters-ek elkarrizketatuta. Ilara luzeek herri baten etsipena erakusten dute, eta, beraz, askok Israelgo Estatuari bakarrik mesede egiten dion tranpa-tregoa gisa deskribatzen dute "su-etenerako" akordioa.

NO HAY COMENTARIOS