ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / The White House (X)
2026/01/09 09:59

Donald Trump AEBetako presidenteak iragarri duenez, gastu militarra 1,5 bilioi dolarreraino (1.500.000.000.000) handituko du 2027an, hau da, %50eko igoera izango du urte horretarako aurreikusitako zenbatekoarekin alderatuta. Agintari errepublikanoak "behar estrategiko" gisa justifikatu du neurria, nazioarteko testuinguru "nahasi eta arriskutsu" gisa deskribatu duenaren aurrean.

Truth Social plataforman egindako argitalpen batean, Trumpek adierazi du "senatari, kongresukide, idazkari eta beste ordezkari politiko batzuekin egindako negoziazio luze eta zailen ostean" hartu duela erabakia. "Gure herriaren onerako, batez ere garai nahasi eta arriskutsu honetan, gure aurrekontu militarrak ez luke izan behar trilioi bat (bilioia zenbakizko eskala luzean) dolarrekoa, 1,5 trilioikoa baizik", idatzi du.

Presidenteak esan du igoerak "amestutako Armada eraikitzea" ahalbidetuko duela, "Estatu Batuek aspalditik horretarako eskubidea baitute". Eta gaineratu du: "Segurtasun nazionala bermatuko du, etsaia edozein dela ere". Gainera, azpimarratu duenez, atzerriko produktuei ezarritako muga-zergei esker lortutako diru-sarrerekin finantzatuko dute igoera, kontu federalak arriskuan jarri gabe, teorian: "Muga-zergei eta horiek sortzen dituzten diru-sarrera itzelei esker, erraz lor dezakegu 1,5 trilioi dolarreko kopurua".

Txinak baino 1,2 bilioi gehiago

Trumpek iragarritako igoerarekin, AEBen gastu militarrak aise gaindituko luke horretan gehien inbertitzen duen bigarren herrialdearen aurrekontua; Txinarena, alegia. 230.000 eta 250.000 milioi dolar ingurukoa da Txinak aurreikusitako kalkulua, baina AEBena 1,2 bilioi dolar handiagoa izango da. Munduko lehen eta bigarren potentzia militarren arteko arrakala bat markatuko luke horrek, aurrekaririk gabea.

NO HAY COMENTARIOS