Borrokara jo dute Gasteizko (Araba) Prado kaleko 4. zenbakiko bizilagunek. Etxebizitza Sindikatuak aurreko astean jakinarazi zuen zein den euren egoera: iruzur egin die alokairu-kontratu eta erroldatze faltsuak egiten zituen sare batek, eta, une honetan, kontraturik eta erroldarik gabe daude batzuk, alokairua ordaindu arren. "Errentatzaileek etengabe mehatxatzen dituzte etxetik botatzearekin", azaldu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Duela bi aste inguru, gainera, hornidura elektrikoaren kontratazioa aldatu zuten errentatzaileek, eta argirik gabe utzi dituzte bizilagunak.
Pradoko 4. zenbakian bizi diren lagunei "hornidurak berehala itzultzea" eta "etxegabetze-ahalegin oro bertan behera uztea" exijitu du Etxebizitza Sindikatuak. Aurreko ostiralerako protesta batera deitu zuten bizilagunek eta sindikatuak, eta etxebizitza bloke aurrean elkarretaratu ziren. "Egoera itogarria" salatzeaz gain, "jabeen inpunitatea eta instituzioen rol konplizea" seinalatu zituzten.
Errentariak eta administrazioa
"Etxebizitzaren arazoak baditu erantzule zehatzak", nabarmendu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Hala, hasteko, "errentatzaileen funtzioa" jarri dute jopuntuan: "Horietako askok ez dute zalantzarik indarkeria erabiltzeko, beren etekinak horren mende badaude".
Gasteizen bertan "miseriarekin negozioa egiten duten errentari asko" daudela ohartarazi dute: "Proletalgoari, baliabide gutxiago dituzten pertsonei, gero eta zailagoa egiten zaie alokairuaren merkatu librean etxebizitza bat eskuratzea (prezio oso altuak, hiru hilabeteko abalak, ezinezko sarbide-irizpideak), eta orduan agertzen dira errentari horiek, prezio merkeagoetan alokairuak eskaintzeko prest, bai; baina baldintza penagarrietan, kontraturik gabe, erroldarik gabe eta errentatzaileen kontrol zuzena eta arbitrariotasuna onartzeko betebeharrarekin". Errentariek, gainera, "erabateko inpunitatea" dutela salatu du Etxebizitza Sindikatuak.
Gasteizko Udalaren jarrera ere gaitzetsi du: "Administrazioak sarearen aurka egin badu ere, ez du ezer egin maizterrengan eragin dituen arazoak konpontzeko, eta ez dirudi horretarako asmorik duenik [...] Ehunka pertsonari errolda sistematikoki ukatzen dien administrazioak etekina atera nahi duten mafiak sortzearen eta indartzearen ardura hartu behar du bere gain". "Ez gaitezen engaina. Nahiz eta kasu zehatz honetan pertsona batzuk atxilotu dituen, udalak etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko dituen politikek miseriazko etxebizitzan sakontzen dute", jarraitu dute sindikatuko kideek.
"Etxebizitza bat eskuratu ezin duten milaka pertsonen" egoeraren aurrean, udalak eskainitako irtenbideak "miseriazko etxebizitza legeztatzearekin" loturikoak direla azaldu dute. Adibide modura aipatu dute Gasteizen, "8.000 etxe hutsik dauden bitartean, udalak etxabeak eta lonjak etxebizitza gisa erabiltzea legeztatu izana": "Lehen legez kanpokoa zen zerbait, baldintza miserableak zirelako, legeztatu egiten da eta irtenbide aurrerakoi gisa saltzen zaigu. Zer txantxa mota da hau?".
Kalitatezko eta doako etxebizitza unibertsala
Etxebizitza Sindikatuak antolatzera deitu du berriz, "jabeen gehiegikeriei aurre egiteko" zein "errentarien inpunitatearekin amaitzeko". "Ozen diogu ez garela miseriazko irtenbideekin konformatuko; kalitatezko etxebizitza bat nahi dugu, doakoa eta unibertsalki bermatua", gaineratu du.