Miñaon (Araba) kokatutako Alestis Aerospace hegazkingintza-enpresan lanuzteei ekin die plantillak, hitzarmenari buruzko negoziazioak geldirik daudela ikusita. Erruduntzat jotzen dituzte enpresaren jabeak, Aciturri Aerostructures taldea (enpresaren %49 da berea) eta Sonaca taldea (%51 dauka), eta salatzen dute "onartezinak" direla enpresako zuzendaritzak negoziazioan egindako proposamenak. Azaldu dute, hain zuzen ere, oinarrizko eskubideei eraso egiten dietela proposamen horiek, eta soldatak ez direla Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) gainetik ezartzen. Bitartean, lan-karga eta eskakizunak areagotzen ari direla seinalatzen dute beharginek, eta "konpainiaren zenbakiak gero eta hobeak" direla.
"Hitzarmen duin" bat aldarrikatzen dute, eta hori exijitzeko hasi dituzte lanuzteak beharginek. Maiatzaren 21ean egin zuten lehenengo lanuztea, bi ordukoa, eta berdin jardungo dute gaur eta etzi. Uztailean ere jarraituko dute geldialdiekin, baina luzeagoak izango dira, lau ordukoak: uztailaren 2an, 4an, 9an eta 11n geratuko dira. Negoziazioan aurrerapenik ez bada, langileek "ekintza sindikalak areagotuko" dituztela iragarri dute, gainera.