Busturialdeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta, goizeko 11:00etan, Gernikako (Bizkaia) Merkatu Plazan elkarretaratu dira hainbat eta hainbat gazte. Hala zioen mobilizazioan zeramaten pankartak: Faxisten eta inperialisten aurpegi zuriketaren aurrean, gazte langileok antolatu. Izan ere, duela 88 urte Gernikako bonbardaketa faxistetan eraildako pertsonak omentzeko ekitaldi instituzional bat izango da gaurkoan, "bakezalez mozorrotutako gerrazale" ugariren parte-hartzearekin, GKSk salatu duenez.
Omenaldian parte hartuko dute, esaterako, Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeierrek, Espainiako errege Felipe VI.ak eta Imanol Pradales lehendakariak. "Espainiako eta Alemaniako gobernuen elkargunea" izango da ekitaldia, gazte-antolakundeak ohartarazi duen modura, baina haien hipokrisia seinalatu du: "Agintari horiek, bakoitzak dagokion posiziotik, Europaren agenda gerrazalea babestu eta estatuen autoritarismoranzko joera indartzen dute. Gainera, gero eta hedapen handiagoa duten diskurtso faxistak elikatzen dituzte". GKSk defendatu du, hortaz, "aurpegi zuriketa baino ez" dela gaurko ekitaldi instituzionala, eta "gerra, miseria eta heriotza etengabe sustatzen duten horiek" ez luketela "bakearen eta konponbidearen izenean Gernikara etorri behar". Horregatik mobilizatu dira gaurkoan hainbeste gazte, ordezkari politikoen bisitaren aurka protesta eginez.
Espainiako erregea eta Steinmeier, gerrazaleak
Busturialdeko GKSk gogora ekarri duenez, "Gernikako bonbardaketa agindu eta urte luzez diktadura militarrez gobernatu zuen frankismoaren jarraipena" da Felipe VI.a. "Francok berak izendatu zuen Espainiako monarkia bere oinordeko gisa eta, gaur-gaurkoz, Espainiako Estatuko sektore erreakzionarioen erreferentzia eta sinbolo izaten jarraitzen du Borboi familiak". Alemaniako presidente Steinmeierri dagokionez, "NATOren eta Israelgo Estatu inperialista eta sionistaren babesle fidela da", eta Alemania da, gainera, "NATOren gidaritza hartzeko hautagaitza nagusietako bat".