Iruñean egin dute agerraldi bat hainbat emakumek, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta, "emakume langileak faxismoaren aurrean lehen lerroan gaudela adierazteko". Ohartarazi dute faxismoak "langile-klasearen aurkako agenda erreakzionarioa nahiz autoritarioa defendatzen" duela, "emakume langileon aurkako agenda" barne. Horiek horrela, ezinbestekotzat hartu dute, batetik, faxismoaren kontra "langile-klasearen fronte bat eratzea eta emakume langileok lehen lerroan egotea"; eta, bestetik, "faxismoa finantzatu eta indartu duen oligarkiari aurre egitea", baita "bere agenda inperialistari" ere.
Alderdi instituzionalek ez dute emakumeen askapenik ekarri
"Aurreko hamarkadetan Europako estatuetako alderdi nagusi guztiek demokraziaren eta berdintasunaren aldeko diskurtsoak zabaldu bazituzten ere, urteak pasatu dira eta milaka eta milaka emakume langileren zapalkuntzak bere horretan dirau", salatu dute GKSk eta Itaiak. Eta horren hainbat erakusle aipatu dituzte: "Lanaren banaketa sexuala, lan-baldintza prekarioak, emakume etorkinen esplotazioa, erasoak, bortxaketak, erailketak eta abar luze bat". Nabarmendu dute, hala, "estatu kapitalistak emakume langileon zapalkuntzatik elikatzen jarraitzen" dutela, eta alderdi politiko instituzionalek ez dutela "emakumeon askapenik ekarri".
Programa faxista: emakumeen zapalkuntza
"Faxismoak langile-klaseko hainbat sektoreren subordinazioa eta zapalkuntza areagotu nahi ditu, baita emakume langileona ere", zioten agerraldian. Horri lotuta, faxistak "joera matxistak areagotzeko testuingurua sortzen" ari direla seinalatu dute; adibidez, "emakume langileon aurkako gorroto-mezuak zabalduz influencer misoginoen bitartez, edo balio tradizional eta kontserbadoreen defentsa eginez, emakumea gizonen menpeko gizakia dela aldarrikatzeko".
Gainera, faxismoak "emakumeon eskubide kolektiboen aurkako politikak" ezarri nahi dituela nabarmendu dute bi antolakundeek, abortuaren aurkako neurriak edo indarkeria matxistari erantzuteko legearen kontrako neurriak kasu. "Genero-ideologiaz hitz egiten dute, emakumeon zapalkuntza asmakuntza ideologikoa balitz bezala, eta, bitartean emakumeon eskubideen aurkako ideiak eta politikak aplikatu nahi dituzte", laburbildu dute.
Indarkeria matxistaren salaketa, soilik etorkinen aurka erabili ahal bada
Eta, hori gutxi balitz, faxistek "egunerokoan gertatzen diren eraso matxista guztien aurrean beste aldera begiratzen" dutela gogorarazi dute. "Supremazista horiek etorkinek egindako erasoak bakarrik salatzen dituzte eta, gainera, emakumeon salbatzailetzat jarri nahi dute beraien burua", salatu zuten GKSk eta Itaiak: "Soilik mezu arrazistak zabaltzeko balio dieten erasoak salatzen dituzte. Beraien asmo bakarra langile-klaseko sektore zaurgarrien aurkako gorrotoa zabaltzea da, etorkinak kriminalizatzeko eta polizia-indarren presentzia areagotzeko. Ez ditugu ikusiko polizien eraso matxistak salatzen; bai, ordea, armatutako polizia misoginoak defendatzen".
"Ez dugu onartuko indarkeria matxista espektakulurako eta interes partidistetarako erabiltzea", esan dute agerraldian. Gogoan izan dute Voxek, "erasotzailez eta indarkeria matxistagatik inputatutako gizonez beteta" dagoen alderdi faxistak, "matxismoak eraildako emakumeen kopurua gutxietsi" duela berriki Espainiako Kongresuan. "Emakumeok jasaten dugun indarkeriaz baino, nahiago salbuespena diren salaketa faltsuez hitz egin, edo gizonek eta emakumeok indarkeria bera jasaten dugula defendatu", gaitzetsi dute.
Langile-blokea faxismoaren aurka
GKSk eta Itaiak ezinbesteko zeregin bat azpimarratu dute: "erreakzioaren, matxismoaren eta faxismoaren aurkako langileon blokea sortzea". Gutxienez bi helduleku izango lituzke horrek: batetik, "erasotzaile matxista guztien kontra" egitea, "beren jatorria edozein dela ere"; eta, bestetik, "indarkeria matxistaren existentzia ukatzen duten eragile faxisten kontra" jardutea.
Norabide horretan, urtarrilaren 31ri begira jarri dira, GKSk faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako manifestazioak egingo baititu iluntzean Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa). "Kalera ateratzea eta faxismoaren aurrean indar-erakustaldia egitea behar-beharrezkoa da", aldarrikatu dute agerraldian: "Estatu kapitalistetatik aplikatzen ari diren langileon aurkako agendaren eta neurri autoritario zein inperialisten aurrean, langileon euste-horma bat eraiki behar dugu, eta emakume langileok borroka horretan lehen lerroan gaude eta egongo gara".