ACTUALIDAD / Gazte koordinadora sozialista
Faxismoaren aurka borrokatzera deitu du GKSk, Núcleo Nacionalen probokazioaren ostean
"Estamos en todas partes" mezua zabaldu nahi izan du talde faxistak Besaidetik, lau norbanako ageri diren argazki batekin. "Gorroto-mezuak zabaltzeko kanpaina egiten ari da Núcleo Nacional", salatu dute Debagoieneko eta Durangaldeko GKSk.
2026eko uztailaren 27 - 08:42
Faxismoaren aurka borrokatzera deitu du GKSk, Núcleo Nacionalen probokazioaren ostean

"Desde Vasconia con Núcleo Nacional. Euskal Herritik Núcleo Nacionalekin bat", irakur daiteke lau faxistak Besaide mendian atera duten pankartak. Lauburuak ere ikus daitezke lau norbanakoek erakutsitako mezuan; esku banarekin eusten diote pankartari, bestearekin agur faxista egiten duten bitartean. Sare sozialetan argazkia partekatzean, honako mezua erabili dute, gainera, Espainiako bandera batekin batera: "Estamos en todas partes. Vascongadas es España".

Espainiako talde faxistaren probokazioari erantzunez, faxismoari aurre egiteko mezu irmo bat eman dute Debagoieneko eta Durangaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). "Faxismoak gero eta presentzia handiagoa du gure herrietan. Matxismoa, arrazakeria zein klasismoaren moduko ideiak gero eta ugariagoak dira, eta langile-klasea azpiratu nahi duten ideologiak ere handitzen ari dira", salatu du GKSk, Núcleo Nacional "gorroto-mezuak zabaltzeko" egiten ari den kanpainaz eta komunikabide batzuk ematen ari diren laguntzaz ohartaraziz. "Faxismoaren aurka borrokatzen jarraitu beharra daukagu, ideia zapaltzaile ororen aurka borrokatzen eta antolatzen jarraitu beharra daukagu", nabarmendu du gazte-antolakundeak, "sozialismora bidean indarrak metatzen jarraitzera" deituz; "hori baita faxismoaren aurka egiteko eta zapalkuntza guztiak gainditzeko bidea".