ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/22 13:48

Azken hilabeteetan erakutsitako tonu kriminalizatzaileari eusten dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, eta faxisten aurkako mobilizazioa eta bestelako borroka politiko batzuk seinalatzen segitzen du. Berria-k jaso ditu jeltzaleak Herri Irratia-n esandakoak, eta orain arteko hizkeran hitz egin du urriaren 12an Gasteizen (Araba) gertatutakoari buruz: manifestari antifaxistei egotzi die egun hartako "istiluen" errua, Ertzaintzaren kargak edota falangisten deialdia eta eraso biolentoak bigarren maila batean utziz.

Hala esan du Zupiriak, hain zuzen: "Elkarretaratzera deitu zuten pertsona batzuk tokiz aldatu eta Falangearen elkarretaratzea deituta zegoen lekura joan zirenean hasi ziren istiluak". Horiek horrela, defendatu du liskarrak sortu izanaren arrazoia ez dela falangistek inpunitate osoz elkarretaratze bat egin izana, baizik eta "beste talde batzuk kontzentrazio horretara joan" izana, faxistei "eraso egitera".

Gainera, falangistei aurre egiteko kontramobilizazioa erabat desitxuratu du sailburuak, esanez Ertzaintzari eraso egitea zela ehunka manifestarien helburua, "zalantzarik gabe". Erantzule modura, "sistemaren aurkako talde" batzuk aipatu ditu abstraktuan, eta "elkarbizitza-sistema hankaz gora" jartzea eta "indarkeria totalitarioa" eragitea leporatu die. 

Zupiriak, gainera, EAJ desenkusatu du, urriaren 12ko kontzentrazio faxista ahalbidetu zuten agintaritzen parte izan arren. Herri Irratia-n esan du Falangea "legezko alderdia" dela eta, EAEn mobilizatu zen azken aldian, 2008an, Jaurlaritza deialdia debekatzen saiatu omen zela, baina debekua indargabetu zutela epaileek. Gaur egungo Segurtasun sailburuak, hala, duela ia bi hamarkadako gertakari hori erabili du aurten falangisten aurrean erakutsitako pasibotasuna eta konplizitatea justifikatzeko.

Adierazpen berdinetan, EH Bildu eta Sumar alderdiak seinalatu ditu Gasteizko gertakarien harira "fokua beste nonbait jartzeagatik"; eta ustezko "sistemaren aurkako taldeen" jardunaz mintzatzean, besteak beste, uztailaren 23an Gasteizen izandako kanpaldia aipatu du. Mugimendu Sozialistari txosnagunean jarritako beto politikoa salatu zuten protesta-kanpaldi horretan, eta gogor zapaldu zuen ekimena Ertzaintzak.

NO HAY COMENTARIOS