ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Euskal Zaletuen agerraldia. Argazkia: Gedar
2019/12/29 13:30

Gutun baten bidez adierazi zuten EPPK kolektiboko Mont-de-Marsango presoek Euskal Zaletuak plataformak espetxe horretara antolatutako martxaren aurkako jarrera. Horren ondorioz, adierazpen publiko baten bidez, Euskal Zaletuek bertan behera utzi zuten Amnistiaren Bidean espetxe martxa. Horren ordez, atzo, hilak 28, plataforma osatzen duten talde guztietako zaletuak bildu eta agerraldia egin zuten. Euren batasuna “zertan oinarritzen den argitu” zuten bertan, baita “euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen defentsa” berretsi ere.

Ehundik gora zaletu batu zituen atzoko ekimenak, eta balioan jarri zuten azkenaldian lortu duten “batasun eta adostasun maila handia”. Hala, are larriagotzat jo dituzte kartzela martxa dela-eta jaso dituzten kritikak. Euskal Zaletuak plataformako kideen ustetan, “amnistiaren aldarrikapena ezin da monopolizatu”. Hain zuzen ere, azaldu zuten “Euskal Herri aske eta jendarte sozialista baten alde lerratzeak berak” beharrezkoa egiten duela “helburu horiek lortzeagatik errepresioa jasan dutenen askatasuna aldarrikatzea”: “Helburu horiek partekatzeak eramaten gaitu presoen defentsa burutzera eta horretan datza Espainiako eta Frantziako ziegetan bahituta daudenen izaera politikoa lantzea, amnistiaren aldarrikapenaren bitartez”.

Autokritika egiteko prest

Euskal Zaletuek adierazi zuten atzokoa autokritika egiteko momentua ere bazela. Hain zuzen ere, Mont-de-Marsango presoekin izandako harremanean “denboraz ibili ez izana” azpimarratu zuten, euren asmoa “behar bezala” jakinarazi ez izanaren kezka erakustearekin batera. Ahatik, aitortu zuten ez zutela “halako erantzunik” espero, “asmo onez” aritu zirela eta espetxe martxa “iniziatiba propioz” antolatu zutela.