Euskal Zaletuek Mont-de-Marsanera martxa egingo dute, 'Amnistiaren bidean' lelopean

Abenduaren 28an Mont-de-Marsan espetxera martxa egingo dute Euskal Zaletuek; hain zuzen, Indar Gorri, Herri Norte, Real Sociedad Firm, Iraultza 1921 eta Indar Armagiñako kideek. Azaldu dute "egunerokotasunean euskal langileok pairatzen ditugun zapalkuntza guztiei aurre egiteko hautuak" batzen dituela Euskal Zaletuak; tartean, "presoen aldeko borrokak". Kartzela martxarekin, "presoen askatasunaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzea" dute xede.
Argazki Nagusia
2019ko azaroaren 08a

Euskal Zaletuak izenpe duten futbolzale taldeek kartzela martxa antolatu dute abenduaren 28rako, Mont-de Marsan espetxera. Hain zuzen, Indar Gorri, Real Sociedad Firm, Iraultza 1921, Indar Armigaño eta Herri Norte taldeek jarri dute martxan egitasmoa.

Agiri bateratu baten bidez, adierazi dute "presoak eta sasian ditugun anai-arrebak" direla "Euskal Herriak bizi duen gatazkaren erakuslerik gordinenak". Hala, kezka erakutsi dute, auziaren inguruko "desmobilizazio iraunkorra" eta "errelatoaren despolitizazioa" direla-eta. Horren aurrean, "presoen askatasunaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzea" izango du helburu espetxe martxak.

Batasuna borrokarako hautuan

Komunikatu berean, deitzaileek gogorarazi dute Euskal Zaletuek, "antifaxismoan oinarritutako futbol baten aldeko borrokaz gain", badutela zerren bueltan batu: "Batzen gaituena [...] egunerokotasunean euskal langileok pairatzen ditugun zapalkuntza guztiei aurre egiteko hautua da". Hor kokatu dute "presoen aldeko borroka" ere: "Preso politikoen existentzia bera euskal langileriak pairatzen duen dominazioaren ondorioa da".

Hala, besteak beste, "presoen aldeko ekimenak babesten" edota "harmailetan presentzia mantentzen" ahalegintzen direla azaldu dute. Bide horretan mugarri izango da Mont-de-Marsanera antolatutako martxa.

"Etengabeko basakeria"

"Gatazkak dirauen bitartean, barruan ditugun kideak etengabeko basakeria jasatera behartuta daude", adierazi dute Euskal Zaletuek. Bestalde, "espetxe politikaren krudelkeriak senideak ere zeharkatzen dituela" mahaira atera dute; hala nola, bisitetako miaketak, funtzionarioen jarrerak edota presoen lekualdaketak aipatu dituzte. "Egoeraren aurrean, borrokatzea besterik ez zaigu gelditzen", diote.

Beraz, martxaren bidez "Mont-de-Marsango kideei animo eta babes beroenak helarazteko asmoa" azaldu dute zaletuek; "Ez baitago iraultzarenganako maitasuna baino gauza handiagorik, maite zaituztegu!".