ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Confidencial
2023/10/05 23:43

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Europako espetxeetako osasun-arretari buruzko txosten luze bat argitaratu zuen joan den otsailean, 2020ko datuekin. Txosten horrek Espainiako Estatuko presondegiak ere aztertzen ditu, eta bi eremuetan uzten du agerian arazo larri bat: espetxe sistemaren eta osasun mentalaren arteko lotura.

Europako espetxeetan dauden preso guztien herenak, gutxienez, osasun mentaleko arazoak dituztela atzeman du OMEk. Suizidioa da espetxeetako heriotza-kausarik ohikoena, biztanleria orokorrean baino askoz ere intzidentzia-tasa handiagoarekin. Espainiako Estatuan, esaterako, 100.000 biztanleko suizidio-tasa 16,8koa da biztanleria orokorrean, eta 90,9koa presoen artean. Hau da, presoek euren buruaz beste egiteko arriskua biztanleria orokorraren batez bestekoa baino ia sei aldiz altuagoa da.

Presoek euren buruaz beste egiteko arriskua biztanleria orokorraren batez bestekoa baino ia sei aldiz altuagoa da

OMEren txostenaren arabera, 1.000 presoko, 1,3 psikiatra baino ez zeuden Europako espetxeetan osasun mentala lantzeko. Guztira, espezialitate horretako 490 profesionalek egiten zuten lan kartzeletan. Alegia, 500 profesional baino gutxiago zauden 36 herrialdetan, gaixotasun mentalak jasateko arriskuan zeuden 613.417 preso artatzeko.

500 profesional baino gutxiago zauden 36 herrialdetan, gaixotasun mentalak jasateko arriskuan zeuden 613.417 preso artatzeko

Espainiako Estatuan

Europako batez besteko egoera kaxkarra bada, Espainiako Estatukoa are okerragoa da: Europan baino 6,5 aldiz psikiatra gutxiago daude, 1.000 presoko 0,2 baino ez. Espainiako Barne Ministerioaren azken datu eskuragarrietan irakur daitekeenez, gaixotasun mentalek hamar presotik bederatziri eragin diezaiekete. Are, presoen % 4-5ek buru-nahaste larriak pairatzen dituztela ziurtatzen du José Joaquín Antón Espainiako Espetxeetako Osasunaren Elkarteko presidenteak Newtral-en, "ikerketa serio eta berrien falta" aitortzen duen arren.

Europan baino 6,5 aldiz psikiatra gutxiago daude Espainiako Estatuan, 1.000 presoko 0,2 baino ez

2019an Espainiako Estatuko presondegietan gutxienez 43 pertsona hil ziren euren buruaz beste eginda, edo hala zenbatzen du OMEk, behintzat. Europako Kontseiluaren Space I txostenak 49 izan zirela dio. Suizidatutako presoen kopurua, 2020rako, 62ra igo zela kalkulatu zuten; % 26,5eko igoera urtebete eskasean. Ondorioz, Espainiako Estatuko espetxeetako suizidio tasa Europako batez bestekoa baino % 22,5 altuagoa eta kontinenteko laugarren altuena zen.

Espainiako Estatuko espetxeetako suizidio tasa Europako batez bestekoa baino % 22,5 altuagoa eta kontinenteko laugarren altuena zen

Espainiako Estatuko espetxe sistemaren inguruko datuak modu sakonagoan bildu zituen GEDAR LANGILE KAZETAk joan den apirilean. 2022an, frankismoaren amaieran baino sei aldiz preso gehiago zeudela ondorioztatzen da, besteak beste.

NO HAY COMENTARIOS