ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/23 10:40

2014. urtekoa da Europar Batasuneko eIDAS (Electronic Identification, Authentication and trust Services) arautegia. Erregelamendu horrek, hain zuzen ere, arau-marko bat ezartzen du identifikazio elektronikoari eta horri lotutako gaiei dagokienez. Une honetan, araudi hori berraztertzen eta lantzen ari dira, Europar Batasuneko estatu kide guztiek izango duten marko tekniko berria ezartzeko. Arautegi berri hori izango da eIDAS 2 delakoa.

Erregelamendu berria ofizialki aurkeztu ez badute ere, filtrazio bat izan da, eta argitara atera da jada eIDAS 2-ren zirriborroa. Filtratutako agiriak erakusten duenak kezka sortu du zibersegurtasun sektorean aritzen diren pertsona eta erakunde askoren artean, eta gutun bateratu bat argitaratu dute alor horretako 500 ikertzailek eta pribatutasunaren eta bestelako oinarrizko eskubideen aldeko hainbat erakundek, Europar Batasunak ezarri nahi duen araudi berriaren arriskuez ohartaraziz.

Nortasun digital oso bat

Nagusiki, zirriborroak jasotzen duen 45. artikuluak sortu du kezka. Etorkizuneko araudiaren bidez, itxura denez, nortasun digital bat sortu nahi dute Europar Batasuneko biztanle bakoitzarentzat. Nortasun digital hori wallet batean egongo da jasota, eta pertsona bakoitzaren datu eta agiri ugari izango ditu gordeta; esaterako, ordainketetarako beharrezko informazio guztia, gidabaimena, nortasun agiriak, historia medikoa edota titulu akademikoak. Alegia: informazio eta agiri pertsonal mordoa, biltegi digital bakar batean zentralizatuta.

Interoperabilitatea izango du nortasun digital horrek, eta baliagarria izango da, teorian, zerbitzu publikoetara jotzeko edota sektore pribatuko askotariko plataformak eta zerbitzuak erabiltzeko. Antza, nortasun digitalak jasotzen duen eduki guztia Europar Batasun osoan izango da baliagarria eta erabilgarria.

Segurtasuna eta pribatutasuna arriskuan

Nortasun digitalari lotutako zerbitzuak eta informazioa erabili ahal izateko, horretarako egiaztagiri digitalak eman beharko ditu Europar Batasunak. Adituek jakinarazi dute, baina, hori ez dela erabateko berme bat Interneti buruz ari garenean, eta akatsak egon daitezkeela baimenak ematean. "Beti izan da kudeatzeko zaila den zerbait. Egiaztapen-autoritate batek huts egiten badu eta behar ez lukeen ziurtagiri bat ematen badu, arazo bat dugu", azaldu du Juan Tapiador informatika katedradunak, Xataka atariak jaso duenez.

Ziurtagiriekin eta baimenekin egon daitezkeen akatsez eta segurtasun-estandarrak ez betetzeko aukerez gain, beste arrisku bat seinalatu dute: aipatutako gutunak dioenez, eIDAS 2 proposamenak nabarmen areagotzen du Europar Batasuneko biztanleak zelatatzeko gobernuek daukaten gaitasuna, zifratutako web-trafikoan esku hartzeko baliabide teknikoak ematen dizkielako. Eta ez soilik gobernu batek herrialde zehatz bateko biztanleak kontrolatzeko; Europar Batasuneko estatu guztietako biztanleak zaintzeko baizik.

Abertitu dute, bestalde, alor ugaritako informazio eta agiri pertsonalak bilduko dituela nortasun digitalak, baina ez dagoela ziurtatuta horietako bakoitzaren erabilera nola banandu eta zatituko den datu-base orokorretik. "Nire wallet-arekin eragiketa bat egiten badut adinez nagusia naizela frogatzeko [nortasun agiri bat erakutsiz, adibidez], nire adin-nagusitasuna frogatzea eskatzen duen produktu bat erostera noalako, eta ondoren hezkuntzarekin edo osasunarekin zerikusia duen eragiketa bat egiten badut, logikoena litzateke transakzio horiek elkarren artean lotu ezin izatea. Produktu hori erosi duena ingeniaria dela eta, gainera, arazo kardiobaskular bat duela aldi berean jakin ez dezaten", jarri du adibide modura Tapiadorrek.

Kezka

Araudi berriarekin, irekita uzten da atea gobernuek egiaztapen-autoritateak martxan izateko, aukera izango dutenak baimenak emateko, bildutako informazio digital horretan guztian eta komunikazioetan esku har dezaten. "Oso kezkatuta gaude, egungo bertsioan proposatzen den bezala, legedia ez delako berme teknologiko egokia izango herritarrentzat eta enpresentzat, nahi den bezala. Egia esan, seguru aski, segurtasun txikiagoa izango da guztiontzat", adierazi dute gutunean. Besteak beste, nortasun digitalaren sorrerak, modu horretan, herritarren pribatutasunean izan dezakeen eragina seinalatu dute.

NO HAY COMENTARIOS