ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Plural
2023/07/25 11:35

Hauteskunde-kanpainaz egunero mintzo diren komunikabide nagusietan albiste izan ez bada ere, eta gastu publikoaren igoera nabarmenak promesten dituzten ezkerreko alderdiek aipatzen ez badute ere, Bruselak jada ezarri dio Espainiako Gobernu berriari bere politika nagusien norabidea. Europako Kontseiluak, Europar Batzordearen ekimenez, joan den ekainaren 13an onartu zuen Kontseiluaren gomendioak 2023ko Espainiako Erreforma Planaren inguruan izeneko txostena. Izenburuan aurtengo urtea aipatzen bada ere, hauteskundeen ondoren sortzen saiatuko diren gobernu berriak ezarri beharreko politiken mugak finkatzen ditu idatzi horrek.

Txostenaren muina 20. puntutik 27. puntura bitartean laburbiltzen da. Lehenik eta behin, Batzordeak Espainiako Gobernuari gogorarazten dio "politika fiskal zuhur" bateranzko bidea abiatu behar duela urte honetarako, Ukrainako gerraren eta energiaren prezioen igoeraren ondorioz hartutako babes-neurriak "aldi baterakoak" direla ohartaraziz. Kontrara, trantsizio ekologikoaren, trantsizio digitalaren eta zibersegurtasunaren arloetan gastu publikoa igotzeko, Europako funtsak baliatzeko iradokitzen dio Espainiako Gobernuari Batzordeak. Bestela esanda, Kapitalaren modernizaziora bideratutako gastua handitzeko eta gastu soziala murrizteko eskatzen du Europar Batasuneko agintaritzak.

Kapitalaren modernizaziora bideratutako gastua handitzeko eta gastu soziala murrizteko eskatzen du Europar Batasuneko agintaritzak

Batzordeak, halaber, Espainiako Estatuari esan dio, datorren urteko udaberritik aurrera, berriz jarriko dela martxan gehiegizko defizit publikoa zigortzeko mekanismoa. Beraz, urtearen amaieran %3ko defizit publikoa baino gutxiago izateko neurriak hartu beharko dira. Horien artean, energiaren prezioaren gorakadari aurre egiteko ezarritako neurri guztiak ezabatzea proposatzen du Batzordeak, energia-enpresa handiek izandako "ezohiko" irabazien gaineko zerga mantentzea gomendatzen badu ere.

Oraingoz, Batzordearen aurreikuspen ekonomikoek aurreikusten dute Espainia Estatuak, 2024an, %3,3ko defizita izango duela. Dena den, zor publikoaren murrizte mailakatu bat ere eskatzen dio Batzordearen txostenak datorren Espainiako Gobernuari. 2020ko martxotik (pandemia lehertu zenetik) gaur egunera arte indargabetuta egon diren arau fiskalak berrezarriko ditu Europako Batzordeak datorren urteko udaberrian. Arau horiek estatu kideei exijitzen diete beren zorra murrizteko, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %60koa baino txikiagoa izan dadin. Espainiako Ekonomia Ministerioaren azken datuen arabera, Espainiako Estatuak, egun, BPGa baino %112,4 handiagoa den zor publiko bat du.

Gaur egunera arte indargabetuta egon diren arau fiskalak berrezarriko ditu Europako Batzordeak datorren urteko udaberrian. Arau horiek estatu kideei exijitzen diete beren zorra murrizteko, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %60koa baino txikiagoa izan dadin

Europako Batzordeak betebehar bat ezarri die Espainiako Estatuko erakunde publiko guztiei, 2025. urterako, defizit publikoa %2,5era eta zor publikoa %106 ingurura murrizteko. Ezkerreko alderdi nagusiak, bitartean, hitz ematen ari dira gastu publikoaren igoera ekarriko luketen neurriak ezarriko dituztela. Beren erreferentziazko ekonomialariek behin eta berriz errepikatzen badute ere neurri horiek "aberatsei zergak igoz" ordaindu ahal direla, ahaztu egiten dute, Europar Batasunaren barnean, kapitalek askatasuna dutela zerga-igoera nabarmen baten aurrean lekualdatzeko eta mugitzeko. Europarko Batzordearen arau eta "gomendioak", ordea, derrigorrez bete beharrekoak dira gobernu guztientzat.

Von der Leyen eta bidesariak

Europar Batzordeko lehendakari Ursula Von der Leyenek hainbat adierazpenetan Espainiako koalizio-gobernuak hartutako neurriak goretsi baditu ere, gezurtatu egin behar izan du Pedro Sanchezek berriki aipatutako neurri bat. PSOEtik, hauteskunde-kanpainaren amaieran, adierazi dute 2024. urtean autobia gehienek doakoak izaten jarraituko dutela. Kontrara, Von der Leyenek Bruselatik gogorarazi du auzi hori hitzartuta dagoela jada, eta Europako funtsen hurrengo ordainketa igortzearen truke hartu beharreko neurri bat dela biderarien ezartze orokorra.

Von der Leyenek Bruselatik gogorarazi du [...] Europako funtsen hurrengo ordainketa igortzearen truke hartu beharreko neurri bat dela biderarien ezartze orokorra

Beraz, Batzordeko agintariak argi utzi dio Espainiako Gobernuko orain arteko presidenteari ez dagoela prest Next Generation funtsak jasotzeko planean adostutako neurri hori berriz negoziatzeko. Adostu bezala bete ezean, Espainiak ez ditu hurrengo funtsen ordainketak jasoko.

NO HAY COMENTARIOS