Etxe-kaleratzeak ez daude debekatuta, ez daude blokeatuta, ez daude etenda: atzo bertan etxegabetu zuten familia bat Astrabuduan (Erandio, Bizkaia). Mailegu-enpresa bati 7.000 euro eskatu zizkion andre batek, eta iruzur egin zioten mailegu-emaileek, besteak beste, bere etxebizitza abal modura jartzera derrigortuta. Iruzur hori dela-eta galdu du bere etxea emakumeak, baita bere bilobak ere.
Atzorako zegoen ezarrita etxegabetzea, baina hura gelditzen saiatzera deitu zuen Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Goizean goiz elkarretaratu ziren hainbat eta hainbat lagun arriskuan zegoen familiaren atarian, kaleratzearen kontra. Ertzaintzak, baina, segizio judiziala iritsi aurretik bota zituen handik indarrez: hainbat pertsona zauritu zituen eta atxilo eraman zituen bi. Familia 11:30ak ere ez zirenean kanporatu zuten etxetik.
Iluntzean ere, elkartasunak hartu zuen Astrabuduako Josu Murueta Plaza. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, kontzentrazio bat izan zen 19:00etan, Etxegabetze guztiak gelditu! lelopean. Bertan bildutakoek babesa eman zieten etxegabetutako pertsonei eta, kaleratzea gelditzen saiatzeagatik, Poliziak jipoitutako eta atxilotutako kide guztiei.
"Argi geratu da instituzioek, Poliziak, enpresariek eta epaileek etxebizitzaren negozioaren interesak babesten dituztela langileon bizkarrera", salatu zuen elkarretaratzean Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Hala, dei egin zuen "etxegabetze ororen aurka antolatzera eta borrokatzera".