ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/18 07:25

Gaurko, abenduaren 18rako, beste etxe-kaleratze bat zegoen ezarrita Burlatan (Nafarroa): CaixaBankek, bere filiala den Building Centerren bidez, Maria Pilar izeneko andre bat bota nahi zuen goizean bere etxetik. Entitate horrek hipoteka-betearazpen baten bidez kendu zion pisuaren jabetza 2012an, eta alokairu sozialean bizi da ordutik. Aurten, baina, hainbat engainuren bidez alokairua ordaintzea ezindu ondoren, emakumea etxegabetzeko prozesua jarri zuen martxan CaixaBanken higiezinen filialak (hemen kasuaren inguruko xehetasunak).

Kaleratzeari aurre egitera deitu zuen atzo Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta lortu du: bertan behera utzi dute hasiera batean gaurko agindutako desalojoa, hurrengo datarik gabe. Goizean goizetik, San Frantzisko kaleko 1. zenbakian elkarretaratu dira hainbat eta hainbat pertsona, desalojoa gelditzeko prest. 06:00etarako bertaratu da Espainiako Polizia, eta zazpi furgoi erabilita itxi du atari aurreko kalea.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek 09:00ak aldera azaldu dutenez, Bake Epaitegira joan dira, eta bertan, Nafarroako Probintzia Auzitegira telefonoz deitzean jakin dute atzera bota duela gaurko etxe-kaleratzea. Behin hori baieztatzea lortu dutenean, elkarretaratutako pertsonek txalo artean eman dute bukatutzat etxegabetzearen kontrako protesta; eta txalo artean babestu dute Maria Pilar, bere etxeko balkoian zegoela.

"Kasu hau bereziki krudela izan da", adierazi du sindikatuko kide Iker Narbonak: "Etxegabetze bat beti da huts egin duen sistema baten seinale". Gogorarazi du, kasu honetan, CaixaBank dela etxegabetzea gauzatzen saiatu dena, "Espainiako Estatuko eta Nafarroako errentatzailerik handiena" eta "20.000 etxebizitza baino gehiago alokairuan dituen espekulatzailea".

Maria Pilar 20 urtez baino gehiagoz bizi izan da San Frantzisko kaleko pisu horretan, eta "bi hilabeteko epean eta defentsarako inolako aukerarik gabe" saiatu da banketxea bera botatzen, etxegabetzeen aurkako moratoria ukatuta eta epaiketarik egin gabe sartu baitzuten indarrean desalojo-agindua.

"Esaten dute neurriak badirela etxegabetzeak gelditzeko, baina Maria Pilarrek baldintza guztiak betetzen ditu eta ez dute neurri bat bera ere aplikatu", salatu du Narbonak: "Azken egunetan egin dugun kasuaren salaketa publikoari eta borrokari esker ez balitz, ziur egon zaitezkete etxegabetze hau gauzatuko litzatekeela, isilpean, gustatzen zaien modura". Izan ere, atzo bertan, epaitegian esan zieten "bai ala bai" egingo zutela desalojoa gaur.

2012an ere saiatu ziren Maria Pilar eta bere familia etxe horretatik botatzen, baina orduan ere jende andana mobilizatu zen hori ekiditeko, eta lortu zuten kaleratzea gelditzea. 

NO HAY COMENTARIOS