ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / iProfesional
2023/06/13 10:53

Oraintsu argitaratu dituzte inflazioari lotutako maiatzeko datuak Espainiako Estatuan. 2022ko maiatzeko datuekin alderatuta, aurtengo maiatzean %3,2koa izan da inflazio-maila. Urtebetean, beraz, %3,2 garestitu dira prezioak batez bete. Iaztik izan diren urte arteko inflazio-maila ikaragarriak direla-eta (%10etik gorakoa izan zen indizea iazko udan, azken 37 urteetan aurreneko aldiz), askok baikortasunez hartu dituzte azken datu horiek. 

Eta, zehazki, elikagaien prezioei dagokienez ere, baikor agertu dira asko maiatzeko datuak ikusita. Pozez hartu dute aurtengo maiatzean, iazko maiatzarekin alderatuta, elikagaiak "soilik" %12 garestitu izana, apirilean %12,9eko igoera bat izan ostean. Azken hiru hilabeteetan eta modu jarraituan prezioen igoera zertxobait apaldu izana ere pozez hartu dute. Baina, azken finean, gehiago edo gutxiago, datuek erakusten dutena da, iazko datuekin alderatuz gero, etenik gabe ari direla igotzen elikagaien prezioak.

Elikagaien prezioak, gora

Nafarroan, joan den maiatzean, iazko maiatzean baino %12,7 garestiagoak ziren jakiak; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %11,8 garestiago.

Urtebetean gehien garestitu diren elikagaiak dira azukrea (%46,3), gurina (%25,2), oliba-olioa (%24,7) eta esnea (%24,3). Bestalde, %17,9 igo da patataren prezioa, %16,1 txerri-haragiarena, %15,8 lekaleena eta barazki freskoena, %15,5 zerealena, %14,6 urarena, %14,5 esnekiena eta %13,2 arrautzarena. "Gutxien garestitu diren jakiak" ere duela urte bat baino nabarmen garestiagoak dira gaur egun; esaterako, azken urtean %7,1 igo da ogiaren prezioa eta %5,8 hegazti-haragiarena.

Olatu baten amaiera?

Azpiko inflazioa (epe luzera begirako joera egonkorragoa erakusten duena) altua da oraindik, zenbaitek ñabartu dutenez. Aldakorrak izan daitezkeen prezioak (elikagai freskoen prezioak eta energia, esaterako) kalkulutik kanpo uzten ditu azpiko inflazioak, eta %6,1ekoa izan da aurreko maiatzean; apirilean baino bost dezima baxuagoa.

Hainbat adituk esan dute bukatzen ari dela behin eta berriz aipatu den "olatu inflazionista", baina, hala ere, azken hamar urteetako batez bestekoa baino altuago mantenduko dela indizea. Aurreikuspenen arabera, urte arteko inflazio-maila %2tik gorakoa izango da 2023an eta 2024an zehar.

NO HAY COMENTARIOS