GEDAR LANGILE KAZETAk iaz jarri zuen martxan Gedar Telebista, programa batekin: Burdin Hesia. Bi astean behin lantzen da aktualitatea Burdin Hesia-n, eta bigarren denboraldia du jada. Telebista-programa berri batekin itxi dugu urtea, dena den: atzo estreinatu genuen Gedar Telebistaren bigarren programa, Estrategia a Debate.
Aktualitateko azken berriak baino, Prozesu Sozialistaren garapenerako ezinbestekoak diren zenbait auzi politiko landuko dira Estrategia a Debate-n, modu sakonagoan. Horretarako, mahai baten bueltan eseriko dira aurkezlea, Kolitza ezizenez ezaguna, eta hainbat solaskide. Tertulia baten bidez jorratuko dituzte mahaira ateratako auziak, eta zenbait kasutan, elkarrizketak ere egingo dituzte, gaiak modu sakonagoan aztertu ahal izateko.
Estrategia a Debate-ren aurreneko saioan, esaterako, Mugimendu Sozialistaren hastapenak eta oinarriak landu dituzte. Esan bezala, Kolitzak egin ditu aurkezle-lanak, eta hiru kide izan ditu ondoan, gaia xehatzeko. Mugimendu Sozialistaren sorreran nabarmendu ziren baldintza politiko eta sozialen inguruan aritu dira, baita mugimenduaren hainbat oinarriren inguruan ere. Bestalde, Gazte Koordinadora Sozialistako eta Ikasle Abertzaleakeko bi kide ohi elkarrizketatu dituzte saio horretan, gaia hobeto fintzeko: Ane Ibarzabal eta Ander Goiatxe.
Hilabetean behin emango dugu Estrategia a Debate programa Gedar Telebistan. Aurrerago jakinaraziko ditugu bigarren saioaren nondik norakoak.
Hona hemen lehenengo saioa: