"Gutako nor izango da hurrengoa?". Patxi Ruiz preso politikoak, Iruñeko (Nafarroa) espetxetik, galdera horrekin eman dio hasiera bere azken idatziari. Izan ere, kartzelako osasun-arreta negargarria erakusten duen beste kasu bat izan da berriki. Hala azaldu du Ruizek berak: "Esan daiteke Begoña, emakumeen moduluan preso zegoen 71 urteko emakumea, tronbo baten ondorioz hil zela, eta tronbo hori ez zela egoera horrek eskatzen zuen bezala tratatu". Hasierako informazioek zioten birikako gaitzen baten eraginez galdu zuela bizia.
Badirudi Begoñak azaroaren 28an galdu zuela konortea eta jausi egin zela, "buruan eta bularrean kolpe handia hartuta", Ruizen esanetan: "Zenbait kidek espetxeko erizaindegira eramateko eskatu zuten, bertan arta zezaten. Hurrengo egunera arte, larunbata, ez zuten erizaindegira eraman, eta, hara iritsitakoan, ospitalera eramatea erabaki zuten. Han hainbat proba egin zizkioten eta, ondoren, espetxera itzuli zuten". Bueltatzean, ordea, berriz galdu zuen konortea, baina kartzelan uko egin zioten andrea berriz ere ospitalera eramateari.
"Orduak igaro ziren, ordu gehiago, eta Begoñak okerrera egiten jarraitu zuen", jarraitzen du Ruizen azalpenak: "Zenbait kidek Zaintzako Epaitegira deitzeko asmoa agertu zuten, Begoñaren egoeraren berri emateko. Asmo horrek erantzuna izan zuen espetxearen partetik, eta erizaindegira eraman zuten, eta, gero, hil egingo zen ospitalera".
Espetxearen eta ospitalearen erantzukizuna
Horiek horrela, biktimak "espetxeko zerbitzu medikoen partetik izan zuen asistentziarik eza" nabarmendu du preso politiko txantrearrak, "lehen erorikotik ospitalera eraman zuten arte igarotako ordu guztiak kontuan hartuta".
Bestalde, baina, ospitaleko "zabarkeria medikoa" ere salatu du, horretarako arrazoiak xehatuz: "Begoñaren adina jakinda, konortea galdu zuelako, eta, ondoren, buruan eta bularrean kolpea hartu zuelako, ospitalean mantendu ez zutelako, gutxienez 24 orduz". Hortaz, hala laburbildu du jazotakoa Ruizek: "Jasandako tronboaren ondorioz gaizki tratatutako eta kudeatutako hainbat gertakarik Begoñaren heriotza eragin zuten".
Gose-greba, salaketa publikoa egiteko
Begoñaren heriotza salatzeko eta espetxeko osasun-arreta miserablea gaitzesteko, txantrearrak abenduaren 9an hasi zuen gose greba bat. Zazpi egunen ostean eman zuen bukatutzat protesta, "salaketa horrek kanpoan oihartzuna izan duela egiaztatu nuelako", bere hitzetan. Eta gaineratzen du: "Horregatik, nire esker ona adierazi nahi nieke horretan lagundu duten guztiei".
Kartzelan gertatzen dena salatzeak duen garrantzia azpimarratu du Ruizek: "Ez dut uste hemen barruan zerbait aldatuko dugunik, baina salaketa publikoa beharrezkoa da. Espetxean hiltzen uzten badigute, jakin dadila hor kanpoan!". Bestalde, eskerrak eman dizkie "penintsulako hainbat lekutatik jasotako elkartasun keinuengatik"; "benetan, zuen elkartasunak, salaketak eta indarrak pobrezia eta disidentzia politikoa giltzapetzeko harresiak kolpatu dituzte".