ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Universidad Pompeu Fabra
2023/07/14 12:21

Ustezko "Marc", "Dani", "Ramon" eta, orain, Maria. Herrialde Katalanetako hainbat mugimendu politikotan infiltratuta egon den beste polizia-agente bat atzeman dute; laugarrena azken urtean. Oraingoan ere Directa komunikabideak azaldu du kasua, xehetasun guztiekin.

Maria Perelló Amengual izena omen zuen emakume bat 2020an hasi zen Gironan lagunak egiten, 27 urte eskasekin. Hilabete gutxian, Gironako eta Salteko zenbait mugimenduren parte bihurtu zen. Gironako Unibertsitatean matrikulatu zen, eta Tancada per Drets deituriko mobilizazioan eman zituen bere ustezko aurreneko urratsak mugimendu politikoetan: bakarrik dauden adingabe etorkinentzat "ogia, aterpea, paperak eta lana" aldarrikatu zituzten manifestazio horretan.

Gironan, eta ustezko bere etxean antolatutako parrillada baten bidez, mugimendu independentistan parte hartu izan duen militante bat ezagutu eta harreman bat hasi zuen berekin Mariak. Besteak beste, Errepublikaren Defentsarako Batzordeen (CDR, katalanez) parte zen mutila, baita mugimendu antifaxistaren parte ere. Militante hori eta polizia-satorra elkarrekin bizitzera ere iritsi dira, ustez eraiki duten harremanari lotuta. Infiltratutako "Dani" poliziak ere izan zituen harremanak hainbat emakume militanterekin, Directa-k urtarrilean jakinarazi zuenez.

Azken urteetan, besteak beste, Mariak muturra sartzea lortu du 21 Raons errepresio-kasuari aurre egiteko erantzunean, Guillem Agulló Eskolan, (Re)voltes proiektuan, Salteko Etxebizitza Sindikatuaren mobilizazioetan, Pablo Haselen atxiloketaren kontrako protestetan, Salvadora Catà Ateneoko ekimenetan, eta abar.

Usain txarra

Espainiako Poliziako 33. promozioko agenteetako bat da, izatez, Maria. Azken urtean Bartzelonan eta Valentzian aurkitu dituzten gainerako hiru polizia-agenteekin batera jaso zuen polizia-heziketa, beraz. Poliziaren 2019ko promozioaren parte dira denak.

2022ko ekainean, Directa-k "Marc" polizia infiltratuaren kasua argitaratu zuenean, Gironatik alde egin zuen Mariak. Aitak gaixotasun larri bat zuela erabili zuen aitzakia modura. Dena den, harreman eta komunikazio estua eta etengabea mantendu zituen Gironako zenbait pertsonarekin, Directa-k bere benetako izaeraren berri eman arte.

NO HAY COMENTARIOS