AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Directa
2023/02/13 10:01

Beste polizia-infiltrazio kasu bat atera du argitara Directa hedabideak, hirugarrena urtebetean. Espainiako Poliziako agente infiltratu bat atzeman du berriz, Valentzian oraingoan. 2020ko udaberritik egin ditu espioitza-lanak polizia horrek, nortasun faltsu bat erabilita eta Valentziako hainbat mugimendutan parte hartuta. Ramon Martinez Hernandez izenaren pean, besteak beste, L'Horta Zentro Sozial Okupatu Anarkistan zein Cuidem Benimaclet sarean hartu du parte azken bi urteetan.

Agentea Baix Llobregat eskualdekoa da jatorriz, eta Avilako polizia-eskolan jaso zuen polizia izateko formakuntza, 2019ra arte. Benetako identitatearekin eta gaztea zela ateratako hainbat argazki hartu ditu peritu batek, Valentzian ustez aktibista modura ari zela egindako hainbat argazkirekin alderatzeko. Adituak argi eta garbi esan du pertsona berdina direla.

Directa-k azaldu duenez, "Ramon Martinez Hernandez" 28 urte bete aurretik infiltratu zen Valentziako hainbat mugimendutan. Cuidem Benimaclet asanbladan sartu zuen muturra lehenengo. Benimaclet auzoko hainbat eta hainbat bizilagunek hartzen dute parte kolektiboan, eta proiektu urbanistiko bat geratzeko asmoz jarri zen martxan. EntreBarris sarearen parte da Cuidem Benimaclet; Valentziako hamaika auzo-elkarte eta mugimendu batzen ditu sareak. Modu horretan, sarbidea zuen L'Hortako nahiz Entrebarris sarearen bilera guztietako idatzizko aktetara, eta zortzi Telegram talde desberdinetara sartzea lortu zuen. Zentro okupatuko giltzak izatera ere heldu zen, gainera.

Apurka

Pandemia garaian Cuidem Benimacleten Telegram taldearen bidez egin zituen espioitza-lanak. Dena den, COVID-19ari lotutako murrizketak gutxitzen joan ahala, L'Horta CSOAn infiltratu zen, muay thai kirola egiteko taldearen bidez. Benimacleteko birziklapen eta elikagai banaketa sarean, Graman, ere sartu zen sator modura. La Garroferan bizi diren pertsona etorkinei laguntzeko sarean barneratu zen, hala.

Valentziako mugimendu antifaxistan ere infiltratu zen gero, "mobilizazioetako eta ekintza zuzenetako militante aktibo" bilakatuta, Directa-ren esanetan. Ez zuen mugimendu antifaxistari lotutako asanbladetan parte hartzen, baina bai ekintza zuzenetarako talderen batean. Zenbait sabotaje-ekintza edota mobilizazio gidatzera iritsi omen zen. Esaterako, Pablo Haselen espetxeratzea salatzeko protestak antolatzeko bileretan izan zen, eta polizia-lerroari aurre egin zion taldearen parte izan zen. Laguntasun-harreman estuak ere sortu zituen militante ugarirekin.

Iniziatiba handia

Sarri, bere burua aurkeztean, procés-ean zehar Bartzelonako Ezkerraldeko Zabalgunean jardun zuela esaten zuen. Bere hurbilekoak izan diren hainbat pertsonak azaldu dute ez zuela inoiz bere iritziaren edo buruan zituen ideien berri ematen, baina azpimarratu dute iniziatiba handia erakusten zuela edozein ekimen antolatzeko. Bere iraganari buruzko informazio falta batek zein 2021eko udan bat-batean desagertu izanak susmoak piztu zituen zelatatzen ari zen inguruan.

2021eko irailean agertu zen berriz Valentzian, eta azaldu zuen Bartzelonara "itzultzea" erabaki zuela. Jendea agurtzeko afari bat antolatu zuen Terra zentroan, baina esan zuen ez zuela inorrekin kontakturik mantendu nahi, ez zituelako "urrutiko harremanak" atsegin. Hala ere, infiltratu modura erabiltzen zuen telefono linea mantendu zuen, eta Telegram taldeetako kide izaten jarraitu zuen.

Operazio zabala

Directa-k duela bi aste argitaratu zuen beste polizia-infiltrazio kasu bat, Espainiako Poliziako agente batena orduan ere. Daniel Hernandez Pons nortasun faltsuarekin, nagusiki, Bartzelonako hainbat mugimendutan egin zituen espioitza-lanak 2020ko udatik. Modu paraleloan, batez ere ezker independentistako eta etxebizitzaren aldeko mugimenduko zenbait mugimendu barrutik zelatatu zituen Espainiako Poliziako beste agente batek, Marc Hernandez Pons izena erabilita.

"Espioitza kasu berri honen berri emateak eta hiru polizia-agenteen arteko lotura anitzek agerian uzten dute Herrialde Katalanetako ezkerreko aktibismo antikapitalista zelatatzeko operazio koordinatu baten aurrean gaudela, Eugenio Pereiro Blanco informazio-komisario nagusiaren gidaritzapean eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa buru duen egitura hierarkiko baten pean", nabarmendu du Directa-k.

EZ DAGO IRUZKINIK