ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/01/18 11:36

Espainiako Gobernuaren lege-aurreproiektu berria 36/2015 Segurtasun Nazionalaren Legea delakoaren hainbat puntu aldatzera doa, edo hala nahi du behintzat Espainiako Gobernuak. Eguneraketa horren arabera, gobernuak botere bereziak izango lituzke eskura  "Segurtasun Nazionalerako interes-egoeretan". Baliabide ekonomikoen berrantolaketaz eta Estatuaren egitura politiko zein administratiboen moldaketaz gain, gizarte zibilari zuzenean eragingo lioketen hainbat neurri aurreikusten ditu.

"Herritarrek eta pertsona juridikoek lankidetzan jardun behar dute, modu pertsonalean edo materialean, Segurtasun Nazionalerako interes-egoera batean, agintaritza eskudunak hala eskatuz gero", dio 28. artikuluak. Are gehiago, artikulu beraren hurrengo puntuaren arabera, gobernuarekin elkarlana "derrigorrezkoa" bihurtuko litzateke: "Segurtasun Nazionalaren intereseko egoeren kasuan, adin-nagusitasuna duen edozein pertsonak, agintari eskudunek, Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak edota Agintaritza Funtzionalak eskatutako prestazio pertsonalak gauzatu beharko ditu, arrazoi horrengatik kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe".

Hori gutxi balitz, "era guztietako ondasunak aldi baterako konfiskatzea" ere baimenduko luke lege hipotetikoak. "Beharrezkoak" iruditzen zaizkien bestelako ondasunetan, gainera, "esku-hartzeak nahiz aldi baterako okupazioak" egiteko aukera izango lukete, baita "jarduerak etetekoa" ere.

Informazioa

Salbuespen-legediak komunikazioaren alorra ere arautzen du. Komunikabideen kasuan, esate baterako, "agintariekin lankidetzan" aritu beharko dutela iragarri dute; "Segurtasun Nazionalarentzat interesgarria den egoera baten aurrean prebentziozko informazioa nahiz informazio operatiboa zabaltzeko".

Bestalde, aipatutako egoera horietan, Segurtasun Nazionaleko Sistemak erabilitako dokumentuak eta informazioa ez lirateke "informazio publiko eskuragarria" izango. Hau da, biztanleriak Estatuari interesatzen zaion informazioa baino ez du jasoko aipatutako egoeretan. Kontrako jarduera komunikatiboak egitea, berriz, "Segurtasun Nazionalaren aurkako mehatxua" izanen dela iragarri berri du Espainiako Gobernuaren txosten batek.

Mehatxuak

"Segurtasun Nazionalerako interes-egoera" gisa identifikatzen dira, besteak beste, "epidemiak eta pandemiak", "aldaketa klimatikoaren ondoriozko efektuak", "emergentziak eta hondamendiak", "ezegonkortasun ekonomiko eta finantzarioa", "terrorismoa", "krimen antolatua", "gatazka armatuak", "espioitza", "ziberespazioaren eta aireko, lurreko zein itsasoko espazioaren zaurgarritasuna", "zaurgarritasun energetikoa" edota "desinformazio kanpainak".

Legea indarrean jarri eta Espainiako Estatuak aipatutako oinarri horiek arriskuan ikusiko balitu, neurri guztiok ezartzeko aukera izango luke, lege-aurreproiektuaren arabera.
NO HAY COMENTARIOS