ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Atzo Bilbon egindako mobilizazioa. Argazkia: Ecuador Etxea
2021/11/14 17:50

Aste honetan argitaratu da Espainiako Gobernuak Europako Batzordearekin sinatutako ituna, Berreskuratze Plan ezagunaren funtsen ordainketa arautzen duena. Akordioak, ordea, susmo eszeptikoak baieztatu ditu: PSOE eta Unidas Podemosen exekutiboak pentsioak murrizteko konpromisoa hartu du, Europako funtsak jasotzearen trukean.

Bruselaren hitzetan, "zenbaketa-aldia doitu" egin beharko du Espainiako Estatuak, hau da, erretiro-pentsioa kalkulatzeko epea luzatuko diete langileei. Pentsioen erreformaren lehen atala patronalarekin eta sindikatuekin batera adostu zuten joan den uztailean. Halaber, neurri berriak 2022. urtea amaitu baino lehen onartu eta 2023. urtetik aurrera ezarriko dira, modu progresiboan. Hori egin ezean, Espainiako Estatuak ez ditu Europako funtsen lehen 10.000 milioi euroak jasoko.

Kalkuluaren igoera

Akordioaren baldintzen inguruko susmoak betetzen ari dira, eta litekeena da pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko urte kopurua 25 urte kotizatutik 35 urtera igotzea. Horrek murrizketa gogorra eragingo luke Espainiako Estatuko erretiratu berrientzat; izan ere, ibilbide profesionalaren lehen urteetan soldata txikiagoa irabaztea ohikoena denez, pentsio berri gehienen batez bestekoa %8,6 inguru jaistea aurreikusten da.

Esate baterako, urrian ordaindutako estreinako erretiro-pentsioa 1.194 eurokoa izan zen, Gizarte Segurantzaren datuen arabera. Bada, pentsio horiei 35 urteko epearen formula aplikatuz gero, 105 euro murriztuko lirateke ordainsari bakoitzean. Hau da, prestazioa 1.094 eurokoa izango litzateke ordainsari bakoitzeko; 1.470 euro gutxiago urtean. Gastu sozialean kopuruok "aurrezteak", besteak beste, lan-indar femenino zein gazteari "bereziki" eragingo diola uste dute adituek, ezegonkortasun laboralak eta behin-behinekotasunak gehiago eragiten baitie langile klasearen sektoreoi.

Murrizketa gehiago

Aurrekoa ez da Europako funtsen bidesari bakarra. Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministroaren hitzetan, baby boom belaunaldiaren pentsioetan "doikuntzak" izango dira, hau da, adin-tarte horretako beharginen pentsioak murriztu egingo dira. Bestela, Escrivaren hitzetan, "pixka bat gehiago" egin beharko dute lan. Gainera, aurrejubilazioak "zigortu" egingo dituztela ere ziurtatu du ministroak. "Pentsioen itsulapikoa" deiturikoa betetzeko, aldiz, %0,6 igoko dira kotizazioak datorren hamarkadan. Kopuru horren baitan, %0,2 soldatapekoen gain jausiko da.

Modulazioa

Luzatutako urte-aldia edozein dela ere, kotizatzaileei beren ibilbide profesionaleko "urterik egokienak" aukeratzeko aukera emango omen diete, "erreformaren albo-kalteak arintzeko". Horrek, batez ere, erretiroa hartzeko gutxieneko adinera heldu baino lehen lan merkatutik kanporatzen dituzten beharginei egingo lieke erreferentzia. Dena den, Espainiako Gizarte Segurantzak gastua murriztearen eta ondorioak modulatzearen artean bilatuko duen oreka zehatza ezezaguna da oraingoz.

Pentsiodunak kalean

Etorkizuneko pentsioen perspektibak okerragotzen eta inflazioaren datuak XXI. mendeko marka gorenak berdintzen ari diren honetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kaleak hartu ditu larunbat honetan. Mobilizazio jendetsuak izan dira Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa), Gasteizen (Araba) eta Eibarren (Gipuzkoa). "Murrizketak gelditzea" eta "pentsioen erreforma berria kentzea" aldarrikatu zuten atzo milaka lagunek.

NO HAY COMENTARIOS