Enpresetako zuzendaritzek dituzten itxiera-asmoen kontra, borrokan ari dira Eskirotzeko (Nafarroa) BSH eta Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui lantokietako beharginak. Joan den asteburuan atera dira kalera bi plantillak: BSHko langileek larunbat eguerdian egin zuten manifestazio bat Iruñean (Nafarroa), BSH ez itxi. Nafar industriaren alde lelopean, eta Sunsundeguikoak atzo eguerdian mobilizatu ziren, Etorkizuna Sunsundegui eta Sakanarentzat aldarritzat hartuta.
Iruñeko manifestazioan, 3.500 lagun inguru bildu ziren BSHren itxieraren aurka. Aurreko astelehenean jakinarazi zuen Alemaniako multinazionalak Eskirotzeko lantokia zarratzeko asmoa duela: "Eguberrietako ohiko zorion-agurra jaso eta egun gutxira, non gu haien 'izarrak baikaren', beste gutun bat iritsi zaigu bidaltzaile berarekin, kaleratzearen eta gure lantegiaren itxieraren berri emanez, eta ohartaraziz, oporretatik itzultzean, gure betebeharrak eta egutegia bete beharko ditugula". Langileek esan dute "azken arnasera arte" egingo dutela borroka, euren lanpostuen defentsan. Ia 700 pertsona daude kaleratuak izateko arriskuan.
Altsasuko Sunsundeguin, berriz, ia 400 dira arriskuan dauden langileak, zuzendaritzak hartzekodunen konkurtsora jo baitu dagoeneko, eta plantilla osoa aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten pean baitago jadanik. Langileek diote "bideragarria" dela enpresa, eta kolokan dagoela eskualdearen etorkizuna. Mobilizatzera deitzen ari dira, Sakanako Laneko Autodefentsa Sarearekin (LAS) batera. LASek salatu du enpresaren itxiera eta horren ondorioak ez direla "kudeaketa txar" baten emaitza: "Kapitalistek, beraien irabaziak handitzea eta estatus ekonomikoa mantentzea ziurtatzen duten bitartean, ez dute zalantzarik dagoeneko errentagarriak egiten ez zaizkien sektore zein langileak alboratzeko".