Donostian (Gipuzkoa) deklaratzen hasi dira Ertzaintzako hainbat agente, Reala-PSG futbol-partidaren aurretik, Reale Arena inguruan izan ziren kargei lotuta. Gipuzkoako Auzitegiak aginduta ireki behar izan zuen berriz kausa Donostiako epaile batek, eta hogei hilabete behar izan ditu ertzainak deklaratzera deitzeko. Atzo hasi ziren epaitegitik igarotzen. Fiskaltza ez zen agertu ere egin, beraz, akusazio partikularren esku geratuko dira zigor-eskaerak.
Egun horretan, 2024ko martxoaren 5ean, estadio inguruan zegoen jendearen aurka oldartu zen Ertzaintza, eta hainbat pertsona zauritu zituen foam jaurtigaiekin jota. Amaia Zabarte da une horretan zaurituetako bat: poliziek buruan kolpatu zuten foam bala batekin, ondorio neurologikoak eraginez besteak beste. Ertzaintzaren beste hainbat erasorekin egin bezala, auzia lehenbailehen ixten saiatu zen epailea, biktimak entzun ere egin gabe, baina Gipuzkoako Auzitegiak behartu zuen kausa berriz irekitzera.
Horiek horrela, Zabartek joan den apirilean deklaratu zuen Donostian. Bigarren zauritu batek, Maria Martinek, maiatzean hitz egin zuen epailearen aurrean. Zabartek eta Martinek jasandako lesioei lotutakoak dira orain martxan diren eginbideak, eta atzo deklaratu zuten agenteek, zehazki, Zabarte zauritu zen kargen inguruan hitz egin zuten. Abenduaren 5ean izango dute hitzordua beste sei poliziak, Zabarteren lesioen harira kasu horretan ere.
Ertzaintzak berriz ukatu du ukaezina zirudiena
Gara-ren arabera, 2024ko martxoaren 5ean Ertzaintzaren hiru furgonetaren ardura izan zuen poliziak deklaratu zuen lehenengo atzo. Zabarteren abokatuak azaldu duenez, ukaezina zirudiena ukatu zuen ertzain horrek: esan zuen ez zituztela foam jaurtigaiak bota eta ez zuela ikusi agenteetako batek Zabarteri ostikada bat eman zionik, nahiz eta bideo batek hori frogatu zuen.
Amaia lurrean zela ostikoz kolpatu zuen poliziak apirilean defendatu zuen bere burua, "estropezu egin" zuela adieraziz. Bertsio horri eutsi zion atzo. Gainera, aipatutako ertzain buruak epailearen aurrean iradoki du Zabarte harri batek jo zuelako erori zela lurrera lehen aldiz, nahiz eta, Gara-k berak gogorarazi duenez, irudietan ikusten den nola jausten den lurrera, Ertzaintza zegoen aldetik jaurtitako zerbaitegatik.
Grabazioetan ez da inolako liskarrik ikusten Ertzaintzaren kargen aurretik, baina, hala ere, euren kontakizuna mantendu dute poliziek: arratsaldean erasoak jasan omen zituztela eta horregatik oldartu zirela jendearen aurka. Hori ez dute inola ere frogatu, ordea. Ertzainetako batek, bere lekukotza ematean, azaldu du ez zegoela inolako istilurik karga baino 10 minutu lehenago, partida hastear baitzen.