Errekalde (Bilbo, Bizkaia) auzoko Sutargi gazte-asanbladak duela hainbat aste birjabetu zuen industria-pabiloi bat, bertan Gaztetxe berri bat sortzeko asmoz. Ertzaintzak, ordea, gaur hustu du espazioa, indarrez eta legez kontra. Sutargiko kideek eman dute berriki desalojoaren berri, eta azaldu dute aldez aurreko jakinarazpenik egin gabe eta "defentsa-eskubidea bide judizialean egikaritzeko aukerarik gabe" gauzatu duela desalojo-agindua Poliziak.
Bi hamarkadaz hutsik eta erabilerarik gabe egon da gazte-asanbladak eskuratutako espazioa, eta auzoari irekitzeko asmoz birjabetu zuen. "Auzoko gazteentzako elkargunerako espazioen beharra erdigunean jarriz" ipini nahi zuen martxan Gaztetxe berria, ohartarazi baitu "Errekalde auzoak baliabide falta duela garraioan, hezkuntzan eta gazteentzako elkarguneetan". Gaurko desalojoarekin ez da ezer bukatu, ordea, eta "gazte-problematika lantzen jarraitzeko eta auzoko gazteentzat topagune izango den Gaztetxea lortzeko borrokan jarraitzeko asmoa" erakutsi du Sutargik.