ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Asier Guridi Zaloña, gose greban.
2021/12/07 23:41

Venezuelako Errefuxiatuen Komisio Nazionalak Asier Guridi Zaloña oñatiarrari errefuxiatu politiko estatusa eman dio, eta herrigabe izateari utziko dio. 2013. urtetik, Asier Guridi eta bere seme Iban Guridi herrigabe egoeran egon dira, eta nortasun agiri bat izateko aukera izango dute azkenean.

Guridik abenduaren 3an hasi zuen gose greba Caracaseko (Venezuela) Espainiako Kontsulatuaren aurrean, eta lortu du helburua: nortasun agiria izatea. Hala ere, Guridik adierazi du nortasun izaera hori Venezuelako Gobernuaren eskutik etorri dela, eta ez Espainiako Gobernuaren partetik: "Espainiako Gobernuaren itxikeria hor izan arren, eta mendekuaren dinamikan jarraitu arren, Venezuelako Gobernu Bolibariarrak eman du pausoa, eta gaurko egunean errefuxiatu estatusa lortu dut".

Azkenik, Guridik nabarmendu du borroka dela "lorpenak egiten dituena", eta eskerrak eman dizkie egun hauetan babesa helarazi dioten pertsonei: "Bihotz-bihotzez mila esker borrokaldi honetan babestu eta elkartasuna adierazi didazuen guztioi. Borroka da bidea!".

Preso aurrena, iheslari 2001etik

Guardia Zibilak 1992an atxilotu zuen Guridi Oñatin (Gipuzkoa), eta torturatu egin zuten Antiguoko (Donostia, Gipuzkoa) kuartelean. Hainbat sabotaje ekintzatan parte hartzea leporatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta bost urtez eduki zuten preso. Hainbatetan jipoitu zuten kartzelan. 1997an irten zen aske, baldintzapean. Orduan ere Guardia Zibilak etengabe zelatatzen zuela salatu izan du Guridik.

Hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina helegitea aurkeztu zuen oñatiarrak. Prozesu horien zain zegoela erabaki zuen Guridik erbestera alde egitea, 2001ean, besteak beste, jasaten ari zen jazarpena eta Euskal Herrian bizitzen ari zen egoera politikoa zirela-eta.

2013tik, herrigabe egoeran

2005etik bizi izan da Venezuelan, hasieran, mototaxista eta taxilari lanetan. 2008an jaio zen haren semea. 2013an, ordea, Interpolek atxilotu zuen han, eta bi hilabete kartzelan eman ondoren, "nortasun, eskubide, berme eta bizibiderik gabe" utzi zuten kalean, gaur zabaldutako agirian azaldu duenez. Urteak egin dituzte biek "linbo egoeran", eta iaz, pasaportea ukatu zion Guridiri Espainiako Estatuak. Hainbat urteren ostean, atzo errefuxiatu estatusa lortu zuen.

NO HAY COMENTARIOS