Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek adierazi du, egun, aldi baterako lan-erregulazioak direla enplegua mantentzeko "bide bakarra". Hala, erregulazioak "malgutzearekin, luzatzearekin eta enpresa eta sektore bakoitzaren egoerara egokitzearekin" bat egin du Zubiaurrek, Berria-k jaso duenez. Espainiako Gobernuak dagoeneko baimendu du enpresek lan-erregulazioak luzatu ahal izatea, gutxienez, ekainaren amaierara arte.
Erregulazioak luzatzeaz gain, langileak kaleratzeko mugak atzera botatzea ere eskatu du patronalak (uneotan ezin dute behargin finkorik kalera bidali espedienteak ezarri eta kotizazioak ordaintzetik salbuetsita egon nahi badute). Espainiako Estatuko enpresaburuen elkarteko presidente Antonio Garamendik proposatutako hiru neurrietako bat horixe zen, hain zuzen.
Orain arte bezala, enpresek ez dituzte kotizazioak ordaindu beharko Gizarte Segurantzan. Dena den, langileak lantegietara itzuli ahala, ehuneko desberdinekin arautuko dituzte ordainketak. Horri lotuta, enpresen "jasangarritasunerako eta etorkizunerako", erregulazioak "zama" bat izatea ekidin behar dela nabarmendu du Confebaskeko presidenteak.
Kaleratzeak, mugatuta baina ez debekatuta
Momentuz, mugatuta jarraitzen dute beharginen kaleratzeek, eta enpresak ezingo ditu kontratu iraunkorra duten langileak kaleratu, gutxienez, lanera bueltatu eta hurrengo sei hilabeteetan. Kanporatuz gero, uneotan ordaintzen ez dituen kotizazioak itzuli beharko ditu enpresak (kaleratutako langileari dagozkionak). Aldi baterako lan-kontratua duten langileak, ordea, kalera bidali ditzakete.
Gaur egun, lau langiletik bat daude aldi baterako lan-erregulazio txostenen eraginpean Hego Euskal Herrian.