Gazte Langileon Topaketak izango dira Azpeitian (Gipuzkoa) asteburu honetan. "Kapitalismoari aurre egiteko borondatea dugun gazte langileok batzea, eztabaidatzea eta komunitate politikoa eraikitzea" da asmoa, joan den maiatzean azaldu zutenez. Euskal Herriko hainbat gazte, Gazte Asanblada eta Gaztetxe ari dira ekimena antolatzen, eta egitarau zehatzaren berri eman dute jadanik.
Hilaren 28an, ostiralean, emango diote hasiera egitarauari. 12:00etan izango da harrera Azpeitiko plaza nagusian, eta bertaratzen direnek erakusketa bat aurkituko dute bertan, Euskal Herriko Gazte Asanbladen eta Gaztetxeen ibilbideari buruz. Arratsaldean, 17:00etan hasita, hitzaldi bat egingo dute Soreasun: Despolitizaziotik antolakuntzara. Datozen urteetako erronkak.
Horren ostean bertso-erronka batean neurtuko dituzte indarrak bi bertsolari bikotek: Aroa Arrizubieta eta Mikel Etxezarreta arituko dira alde batetik, eta Aitor Tatiegi eta Maddi Agirre bestetik. Afaltzeko tartearen ostean, korto txapelketa batekin amaituko dute eguna, Azpeitiko Gaztetxean.
Hurrengo egunean, hilaren 29an, goizean goiz ekingo diote egitarauari. 10:00etan hasita, hainbat tailer izango dira aldi berean; hala nola manitas tailerra, okupazio tailerra, plangintza tailerra eta soinu-ekipoei buruzko tailerra. Eguerdirako, berriz, mahai-inguru bat antolatu dute Frontoi Txikin: Gazte Asanblada eta Gaztetxeen ahotsetik esperientziak eta irakaspenak.
Bazkari bat egingo dute horren ostean, Lurrek eta Amaiak eskainitako kontzertu akustiko baten eskutik. Herrialdeen arteko olinpiadak izango dira gero, eta, gauean, kontzertu batez gozatzeko aukera egongo da: Obego, Balloon Frame, Yakovlev 42 eta Uwaprods arituko dira Gaztetxean.