ACTUALIDAD / Violencia machista
Emakume batek jasandako talde bortxaketa salatu dute Orkoienen
Iragan azaroan izan zen erasoa. Sare sozialen bidez, emakume batekin harremanetan jarri ziren hainbat gizonezko, eta harekin hitzordua lortzean, eraso egin zioten. Atzo elkarretaratzea egin zuten Orkoienen, 'Ez beti da ez' eta 'Ez zaude bakarrik' lemapean.
2020eko urtarrilaren 7
Emakume batek jasandako talde bortxaketa salatu dute Orkoienen

Pasa den azaroan, hainbat gizonezkok emakume bat bortxatu zuten Orkoienen (Nafarroa), taldean. Atzo, hilak 6, bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten ehunka orkoiendarrek, Ez beti da ez eta Ez zaude bakarrik lelopean.

Une honetan, erasoa ikertzen ari da Iruñeko 1. Instrukzio Epaitegia. Momentuz, bost gizonezko atxilotu dituzte bortxaketaren harira; haietako hiru giltzapetu dituzte, eta beste biak, kautelazko neurriekin, aske geratu dira.

Epaitegiko titularraren arabera, sare sozialen bidez emakumearekin harremanetan jarri ziren erasotzaileak. Hain zuzen, zitak egiteko aplikazio bat erabili zuten horretarako. Harekin hitzordua lortu eta gelditzean, eraso egin zioten. Adinekoa da emakumea, eta erasoa jazo bezain pronto aurkeztu zuen salaketa.