Gaztetxe berria du Portugaletek (Bizkaia). Aurreko larunbatean, uztailak 4, hainbat gaztek sare sozialen bidez jakinarazi zuten El Karmengo eraikina birjabetu zutela. "Portugaleteko langileriari denbora luzean debekatutako gune bat askatuz eta sozializatuz", bertan jarri dute martxan gaztetxe berria. Zortzi urtez egon da hutsik, Elizaren eta Nuestra Señora del Carmen fundazioaren eskuetan.
Asteburuan espazioa egokitzeko lanetan aritu dira gazteak. "Zortzi urtez hilda egon den gunea berpiztu" nahi dute, "Portugalete bizigarriago bat eraikitzeko". Hortaz, "gure bizitza gaitzesten duten espekulatzaileen aurkako klase elkarkidetasun bat sortzea" jo dute helburutzat, "herriko kuadrilen arteko harremana estutzeaz" edota "gazteriaren sormena bultzatzen duen gune kultural eta sozial bat sortzeaz" gain.
2011. urteko ekainean izan zen Portugaleteko azkeneko gaztetxearen desalojoa. Proiektuaren aurkako ebazpen judiziala gauzatuz, Ertzaintzak eta Surposa Sociedad Urbanistica de Rehabilitacion enpresako langileek hustu zuten Alde Zaharreko gunea. Gainera, gaztetxearen atarietako sarbideak itxi zituzten.