Ekimen faxistak gaitzesteko akordio instituzionalik ez Araban

Arabako Batzar Nagusietan atzo eztabaidatu zuten ekimen faxisten inguruan. EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Duguk mozio bat aurkeztu dute berriki, "faxismoa edo diktadura frankista goraipatzen" dituzten ekitaldien gaitzespen instituzionala proposatuz; eta Arabako Foru Aldundiari eskatzen zioten, gainera, bere baliabideak erabil ditzala "kontzentrazio eta manifestazio faxistak" galarazteko. Eusko Jaurlaritza ere aipatu zuten erantzule modura, Elkarrekineko David Rodriguezek eskatu baitzion EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea "urratzeko saiakera edo aurreikuspen oro" gera dezala. Mozioa ez zen ontzat eman, ordea: mozio alternatibo bat aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk, eta bertako bigarren puntua baino ez zuten onartu Batzar Nagusietan.

Iazko urriaren 12an Espainiako Falangeak Gasteizko erdigunean egindako elkarretaratze faxistak ekarri zuen mozio-proposamena, eta Berria-k jaso duenez, egun horretan izandako erantzun antifaxistari buruzko desadostasunak azaleratu ziren berriz atzoko eztabaida instituzionalean: protesta antifaxista kriminalizatu zuten berriz hainbat alderdi politikok, eta hori hartu zuten aitzakiatzat ekimen faxisten aurkako akordio instituzionalik ez adosteko. 

Horren ordez, "diktadura frankistari" gorazarre egiten dioten ekitaldiak soilik hartu zituzten jomugan. EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekinen aldeko botoekin, aldundiari eskatu zioten "ez dezala baimenik eman 1936ko estatu-kolpea eta diktadura frankista oroitzeko, goraipatzeko edo goratzeko elementuak edo aipamenak jendaurrean erakusteko", EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legeari jarraikiz, Europa Press-ek azaldu duenez. Bestelako adierazpen faxista posible batzuei ez die aipamenik egiten eskaerak. EH Bildu abstenitu egin zen, eta aurka bozkatu zuten PPk eta Voxek.

Erantzun antifaxistaren kriminalizazioa

Agintaritza guztiek baimendu zuten Espainiako Falangearen deialdia iazko urriaren 12an. Horren ostean, gainera, falangisten aurka protesta egin zuten pertsonak seinalatu eta kriminalizatu zituzten alderdi politiko nagusiek, EAJk batik bat. Eta atzo ere ildo berari eutsi zioten jeltzaleek, manifestari antifaxistak "faxistatzat" jo baitzituen Iñaki Ruiz de Galarretak: "Berdin-berdin faxistak dira jarrera aurredemokratikoekin agertzen direnak eta Ertzaintzari erasotzen dihardutenak, beltzez jantzita, aurpegia estalita eta prestakuntza militarrarekin". PSE-EEko Josu Lopez Ubiernak esan zuen "demokratek" ez luketela faxismoaren aurka "faxistak diren metodoekin" erantzun behar.

PPko Iñaki Oyarzabal harago joan zen: "Azken 45 urteetan, jasan dugun faxismoa ez da Falangearena, kaputxa beltzdun eusko faxistena baizik". Falangea "alderdi legal" bat dela eta Jaurlaritzak urriaren 12ko kontzentrazioa baimendu zuela gaineratu zuen.

Hemeretzi antifaxista ikerketapean, ertzain eta falangista bat bera ere ez

Urriaren 12ko gertakarien harira, hemeretzi antifaxista daude ikerketapean Arabako Probintzia Auzitegian. Kontrara, Gasteizen aldarri faxistak zabaldu zituzten falangisten artean, bat bera ere ez dira ikertzen ari; armaturik irten ziren kalera. Ertzainak ere ez daude ikerketapean, manifestari antifaxisten aurka bortizki kargatu eta hainbat pertsona zauritu zituzten arren.