ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/02/01 00:09

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) espedientea irekitzeko eta, beraz, unibertsitatetik kanporatuak izateko arriskuan daude 34 ikasle, greba baten harira. Iazko martxoaren 24an, Ikasle Abertzaleakek deituta, ikasle greba bat izan zen hezkuntza erreformen kontra, eta egun horretan egindako piketeekin lotuta, "jazarriak, jarraituak eta erasotuak" izan dira hainbat campusetako hamaika gazte. Besteak beste, greba egunean bertan, Gasteizko (Araba) campusean atxilotu zituzten orain mehatxupean dauden 34 ikasleak. Atxiloketa masibo bat izan zen, piketeak zirela-eta.

Atzo agerraldi bat egin zuen IAk Gasteizko campuseko errektoreordetzaren aurrean, ikasle horien egoeraren berri emateko. "Pasa den ikasturtean balizko zigor guztiak bertan behera uztea exijitu bagenuen ere, azken hilabeteotan, EHUk espediente akademikoak irekitzeko asmoa duela jakin dute 34 ikasleek, gutun bidez", azaldu zuten agerraldian.

"Espedienteen mehatxua askatasun politikoen urraketa garbia da, unibertsatetik jardun, aldarri zein antolakuntza politiko oro bortxaz ezabatu nahi izatearen seinale", salatu zuten: "Horregatik, IAtik gogor salatu nahi dugu EHUk hartu duen jarrera autoritarioa, eta ezin dugu inola ere onartu gatazka politikoen irtenbide gisa indar polizialak edota zigor akademikoak erabiltzea, elkarrizketaren ordez". Ohartarazi zuten, gainera, "ikasleon antolakuntza independentea kriminalizatzeko aurrekari benetan arriskutsua" izan daitekeela espedienteen irekiera.

Autoritarismoaren isla

Gertatutakoa "modu isolatu batean ulertzetik urrun, unibertsitateen autoritarismoranzko joeraren barruan kokatzea" beharrezkotzat jo zuen IAk. "Unibertsitateak bere burua espazio aske eta anitz moduan saltzen badigu ere, askatasun politikorik gabeko espazioa dela argi ikusten dugu bertako ikasleok egunero. Kameren presentzia itogarria, seguraten jazarpen etengabea, poliziaren mehatxuak eta, orain, jardun politikoa egiteagatik unibertsitatetik kanporatuak izateko arriskua ere badaukagu", seinalatu zuen.

Exijentziak eta mobilizazioa

IAko kideek hiru exijentzia egin dizkiote EHUri: kanporatuak izateko arriskuan dauden 34 kideei espedienterik ez irekitzea, polizia-indarrak EHUren campusetara ez sartzea eta unibertsitateko kontrol soziala bukatzea. Eskaera horiek gogoan eta askatasun politikoen defentsan, mobilizazio batera deitu dute datorren otsailaren 16rako. Gasteizko campuseko Elurretatik irtengo da manifestazioa, 12:00etan.

Neurri errepresibo eta jazarpen gehiago

EHUk hartutako neurriez gain, martxan da aipatutako 34 ikasleen kontrako prozedura judiziala. Grebalariek iazko urrian ekin zioten deklaratzeari, "desordena publikoak" eragitea leporatuta.

Bestalde, Mugimendu Sozialistako bi kidek iazko abenduan salatu zuten kalez jantzitako polizien jazarpena jasaten ari zirela. Gasteizen martxoko ikasle greban atxilotu zuten gazte haietako bat, eta hori helduleku modura hartuta jazarri eta estutu zuten poliziek.

NO HAY COMENTARIOS