ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/01 08:21

Langileon Nazioarteko Eguna da gaur, eta, beste urte batez, Bilbon (Bizkaia) mobilizatu da Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS). Oraingoan, gerra inperialistaren eta Europaren berrarmatzearen kontrako aldarria eraman du erdigunera Maiatzaren Lehenean, eta milaka pertsonak egin dute bat mobilizazio-deialdiarekin. 13:00ak igarota hasi da manifestazioa Jesusen Bihotzetik, eta bukaeran, Areatzako Zubian, hitza hartu dute EHKSko bozeramaileek, Langile boterea eraiki zioen olana erraldoi bat atzean zutela: "Kapitalisten arteko gerretan langile-klaseko kideok ateratzen gara galtzaile. Horregatik da beharrezkoa gerra inperialistari eta bere oinarrian dagoen kapitalismoari aurre egitea".

Ibilbidean zehar, hainbat aldarrikapen egin dituzte: aurrekontu militarraren gorakada salatu dute Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetza aurrean, Palestinaren askatasuna erreibindikatu dute sionistekin negozioa egiten duten bankuen aurrean, armagintzaren negozioa gaitzetsi dute, eta abar. Manifestaziora batu dira, gainera, Basauriko (Bizkaia) Bridgestoneko beharginak; kaleratze kolektibo baten kontra borrokan ari dira, eta babesa eman diete milaka manifestariek.

Potentzia kapitalistak krisian

EHKSren esanetan, potentzia kapitalista nagusien krisia da berrarmatzearen oinarrian dagoena, eta Amerikako Estatu Batuak dira "buru" horretan: "Tentsio belikoen gorakada kapitalismoaren oinarrian dago, izan estatuen eta nazioarteko korporazioen arteko lehiagatik, edo berrarmatzea zein gerra negozio-iturri direlako kapitalistentzat".

Hala, uste dute AEBak azken hamarkadetako euren nagusitasuna ziurtatu nahian ari direla, eta testuinguru horretan agindu dietela berrarmatzea Europar Batasuneko herrialdeei: "Azken horiek, egiturazko krisialdian murgilduta, mandatu hura betetzeko prest agertu dira. Badakigu berrarmatzeak gerraren arriskua areagotu baino ez duela egiten, eta horrek are urgentziazkoago bilakatzen du kaleak hartzea". 

Langile-klasearen pobretzea eta eskubideen galera

Gerraren aitzakiapean Europar Batasuneko estatuek politika autoritarioak bultzatzen dituztela ere azaldu du EHKSko Garazi Navarrok: "Herri-babes zalantzagarria duen arren, Macronek plan nuklear bat gidatu nahi du, Sanchezek gastua handitu du bere kongresutik pasatu gabe, edo Alemanian, konstituzioa egun batetik bestera aldatu dute". Horretaz gain, erdi-mailako klasearen zein burgesiaren artean joera erreakzionarioak areagotzen ari direla nabarmendu du antolakundeak, "faxismoaren gorakadarekin ikusten ari garenez": "Faxismoa kapitalismoaren aurpegi autoritario modura ageri zaigu beste behin ere. Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) urtarrileko mobilizazioetan adierazi genuen bezala, faxismoaren aurka lehen lerroan egongo gara!".

Hari horri tiraka, Ander Goiatxe eledunak azpimarratu du gastu militarra handitzeak langile-klasearen pobretzean sakonduko duela: "Armagintzara bideratutako dirua osasungintzara edo hezkuntzara bideratzeari utziko zaion berdina da kasu gehienetan". Eta zehaztu du Europako industriaren krisiaren albo-kalteak Euskal Herrira ere iritsi direla, hainbat enpresatako itxierek eta kaleratzeek erakusten dutenez: "Gure elkartasuna luzatu nahi diegu kaleratzeen aurka borrokan ari diren langile guztiei, zuekin gaude!".

Berrarmatzearen aurkako oztoporik ez instituzioetan

Goiatxek salatu du, bestalde, sozialdemokrazia ere berrarmatzearen parte aktiboa izaten ari dela leku guztietan: "Lehenengo Mundu Gerran egin bezala, historiaren alde okerrean lerratu dira. Europaren 'autonomia estrategikoaren' bitartez legitimatu nahi digute gastu militarraren areagotzea, hura gezur hutsa denean. Argi esan dezagun, PSOEk eta Espainiako 'aldaketaren gobernuak' gerrara eraman gaitzakete!".

Eta zentzu berean, EHKSk gaineratu du beste alderdi sozialdemokrata batzuk berrarmatzearen aurka agertu direla itxuraz, baina ez duela balio halako adierazpenak egiteak, gero Sanchezen gobernua baldintzarik gabe defendatzen badute, gastu militarra handitzen ari denean. 

Gerra inperialistaren kontra, langile-batasuna

EHKSk aldarrikatu du lehen lerroan egongo dela gerra inperialistaren eta faxismoaren aurka, eta "langile-klasearen batasuna bultzatzen" segituko duela, "norbanakoen zein langile-mugimenduko eragileen artean". Gainera, berrarmatzearen eta kapitalismoaren aurka mobilizatzeko beharra nabarmendu du berriz, zenbait aldarri egitearekin batera: "Europar Batasunari ez! OTANi ez! Aurrekontu militaristei ez! Gerra inperialistari ez!".

Horri lotuta, nazioarteko alderdi iraultzaile handiak eraikitzeko premia seinalatu du Euskal Herriko Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak, bai langileriaren eskubide politikoak defendatzeko eta pobretzeari aurre egiteko, bai gerra inperialistaren aurka borrokatzeko eta sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa gauzatzeko. "Mugimendu Sozialistatik norabide horretan lanean jarraituko dugu, zapalkuntza guztien aurka eta sozialismoaren alde".

NO HAY COMENTARIOS