Durangoko (Bizkaia) Kaletik Gaztetxera asanbladak gaur goizean eman du abisua: udaltzaingoa bertaratu da Gaztetxera, eta pertsona bat identifikatzeaz gain, sarbide-kontrola ezarri du, inolako berme legalik gabe. Sarrera itxi dute poliziek eta ez diote inori sartzen utzi hainbat orduz, baina arratsaldeko aurreneko orduan egin dute alde.
Udaltzainek asanbladako kideei esan diete udalak harreman oro eten duela haiekin. Izatez, Gaztetxea egonkortzeko elkarrizketak hasi zituzten gazteek udalarekin, eta alkatetzaren telefono-dei baten zain zeuden, udaltzainak bertaratu direnean eta sarbide-kontrola jarri dutenean. Gazteek ez dute udalaren berri izan horren ostean.
Gero jakin dute asanbladako bi kideren kontrako salaketa bat aurkeztu duela Mireia Elkoroiribe alkate jeltzaleak, Gaztetxe berriaren irekiera dela-eta. "Proiektuaren bultzatzaile nagusiak" izatea egotzi die. Hala, asanbladak prentsaurreko bat egin du gaur arratsaldean, Gaztetxe berria atzean zuela. Bertan bildutako gazteek hainbat exijentzia egin dizkiote udalari: "Gaztetxeko presentzia polizialarekin amaitzea, asanbladakideei jarritako salaketak atzera botatzea, eta negoziazio-mahaiarekin jarraitzea".
Udalak uko egin die elkarrizketei
Aurreko ostiralean eman zuten Durangoko Gaztetxearen irekieraren berri, eta asteburuan ehunka lagun bertaratu dira, espazio berria ezagutzeko gogoz. "Ikusgarria izan da egunotan Gaztetxeak jaso duen babesa", azaldu dute gaurko agerraldian. Hala ere, ohartarazi dute arriskuan dagoela espazioa gaur-gaurkoz: "Udalarekin kontaktuan egon gara une oro, eta hasieran gurekin batzen jarraitzeko borondatea erakutsi bazuen ere, asteburua pasatuta [...] bere jarrera guztiz aldatu da. Gurekin negoziatzeari uko egingo ziola adierazi zigun atzo".
Asanbladarekin harremanetan jarri gabe, udalak Polizia bidali du gaur Gaztetxera. Udaltzaingoaren esanetan, "desalojo-prozesua bide legaletik abiatzeko asmoa" dauka udalak, baina ez die gazteei jakinarazpenik egin.
Gaztetxearen aldeko apustua
Lehen Correosek erabiltzen zuen eraikina birjabetu dute Gaztetxe bilakatzeko, hamabost urte baitzeramatzan hutsik. Agerraldian salatu dute udalak nahiago duela, "gazteen bizitzak hobe ditzakeen proiektua garatzen utzi baino, potentzial handia daukan espazio bat hutsik eduki eta hura eraldatzera datorren gazteria jazartzea". Asanbladak gogorarazi duenez, "aisialdiari, arteari, kirolari, ikasketei eta lan politikoari" lotutako lanketak egin nahi dituzte birjabetutako eraikinean. Hamar gela eta areto modura erabil daitekeen espazio handi bat ditu.
Bestalde, prentsaurrekoan ezinbestekotzat jo dute "herritarren eta inguruko gazte asanbladen babesa". Hala, harremanetan daude "Durangoko elkarte, eragile, kultur-talde, kirol-talde zein inguruko asanbladekin", eta jakinarazi dute ongi etorria dela "proiektuari ekarpenak egin gura dizkion oro". "Ezin gara geldirik geratu. Durangoko Gazte Asanblada indartsu baldin badago, kalean egindako borrokagatik da", gaineratu dute. Dei egin dute, hala, "Gaztetxearen alde borroka egitera" eta hurrengo deialdietara batzera.