ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/09 08:55

Global Sumud Flotillak, Gazara nabigatzen ari den nazioarteko erakunde humanitarioak, eraso bat jasan du oraintsu, astearte goizaldean salatu duenez. Ontzidiko itsasontzi nagusiari (Family Boat) eraso dio drone batek, Sidi Bou Said portutik gertu ainguraturik zegoela, Tunisiako uretan. Erasoak sute bat piztu du estalki nagusian, baina inor zauritu gabe itzali dute.

Tunisiako Guardia Nazionalak ohar bat igorri du dronearekin egindako erasoaren bertsioa errefusatzeko. Bere esanetan, "aurretiazko ikerketa baten ostean, ez zen dronerik atzeman inguruan". Tunisiako agintarien arabera, sutea "salbamendu-txalekoekin zerikusia duen istripu baten ondorioz sortu zen, ziurrenik zigarrokin batek edo pizgailu batek eraginda, eta ez kanpoko eraso etsai batek".

Ikerketa gehiagoren faltan, itsasontzian instalatutako segurtasun-kamerek hartutako bideo batzuek erakusten dute, dena den, sutea bat-bateko inpaktu batzuen ondoren gertatu zela. Horrek gezurtatu egiten du Tunisiako agintarien bertsioa, eta drone bidezko erasoaren bertsioa indartzen duten proba grafikoak ematen ditu.

Francesca Albanesek, Nazio Batuen Erakundeak lurralde palestinar okupatuetarako duen errelatore bereziak, Tunisiaren subiranotasunaren eta ontzidiaren segurtasunaren aurkako erasotzat jo du gertakaria, eta urgentziazko babesa eskatu du tripulazioarentzat, aurretik ere droneekin eraso diotelako.

Israelgo Estatuaren blokeoa hausteko eta Palestinako herriari laguntza emateko asmoz hartu zuen Gazarako bidea Global Sumud Flotillak. Jasandako azken erasoa gorabehera, ontzidia konprometituta dago Israelgo setioa apurtzeko eta Gazarako korridore humanitario bat irekitzeko. Tunisian, ehunka lagunek harrera beroa egin diote flotari, eta bertako kideak porturatu diren eta erasoa pairatu duten lekura hurbildu dira.

NO HAY COMENTARIOS