ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/27 11:01

Doako parkinga denontzat. Lelo hori hartu dute aldarritzat gaur arratsaldean Donostiako (Gipuzkoa) Ospitalean agerraldia egin duten Osakidetzako langileek, aparkalekuei lotutako egoera "jasanezina" salatzeko. Beharginek jakinarazi dutenez, asko dira egunero "lanera dagokigun ordua baino askoz ere lehenago etorri behar garenak, ospitale inguruan aparkatu ezinik bueltaka ibili behar garelako, edo urrun aparkatu eta ospitaleraino oinez edo busez iritsi behar garelako".

Hala ere, izugarri mugatua da, esaterako, ospitaleraino heltzeko dagoen garraio-zerbitzua, eta hori ere ordaindu egin behar da. Aparkalekuen murrizketekin azken hilabeteetan egoerak okerrera egin badu ere, prentsaurrekoan gogorarazi dute "arazoa lehenagotik" datorrela: "Ospitaleko parking nagusia ordainpekoa izan da urte luzez, langile askorentzat zein pazienteentzat". Eta gaineratu dute langileez harago doala salaketa, "ospitalera ehunka paziente eta senide" joaten direlako egunero; "larrialdietara, kontsultara, ingresatutako senideak bisitatzera" eta abar.

Enpresa pribatuen mesederako

Gaurko agerraldian argi esan dute beharginek: "Bistan da, lantokirako irisgarritasuna eta ospitalean artatuak izateko eskubidea baliatuz, enpresa pribatuek etekin ekonomikoak ateratzen dituztela". Uste dute Donostiako Ospitalean aparkalekuekin bizitzen ari diren egoerak erakusten duela Osakidetzak "pazienteen eta langileen eskubideen gainetik" jartzen duela "enpresa pribatuen etekin ekonomikoa", eta "onartezina" dela ospitale bateko parkinga ordaindu behar izatea eta "aparkatzeko ezintasunagatik" pazienteek kontsultak galtzea.

Denbora luzez, neurri eske

Langileek urteak daramatzate "ospitalera iritsi ahal izateko alternatibak eskatzen", hala nola "garraio publikoaren eskaintza handitzea edo Osakidetzako garraio-zerbitzuak eremu zabalago batera hedatzea"; "baina Osakidetzak zein bestelako instituzioek entzungor egin diete eskakizun ia guztiei". Orain, azken murrizketak direla eta, hilabeteak daramatzate egoera salatzen eta Osakidetzari eskatzen neurriak har ditzala, baina beharginen ustez ez dira "errealak" oraingoz "arazoaren aurrean eskainitako alternatibak".

Iritzi diote egin dizkieten "eskaintza horien helburua" dela "langileon aldarrikapenak baretzea eta Osakidetzaren aurpegia garbitzea", eta exijitu diote, beraz, haien aldarriak kontuan hartu eta bete ditzala. Horretarako lan egingo du aurrerantzean Doako Parkinga Denontzat izena hartu duen dinamikak.

NO HAY COMENTARIOS