ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Efe
2020/02/19 18:57

Behin-behinean eta baldintzapeko neurriak ezarrita aske utzi du Maria Taradon epaileak David Pla preso politikoa, (h) Alboka auziaren harira espetxeratzea "neurrikoa" ez dela argudiatuta. Fiskaltzak ez du kartzelaratzea eskatu; bai, ordea, herri akusazioa osatzen duen AVTk.

Zenbait baldintza ezarri dizkio Plari Espainiako Auzitegi Nazionalak; Espainiako Estatutik irteteko debekua, adibidez. Horretaz gain, pasaportea kendu diote, bere bizilekutik gertuen dagoen epaitegian astero sinatu beharko du, eta bere lokalizazioa erraztuko duen telefono zenbakia zein helbidea jakinarazi.

Atzo estraditatu zuten iruindarra. Donostiako (Gipuzkoa) komisaldegira eraman zuten lehendabizi, eta Madrilgo Soto del Real espetxera, ondoren. Bertan giltzaperatu zuten Auzitegi Nazionalera eraman aurretik.

Sorzabalen egoera kolokan

Iratxe Sorzabal preso politikoaren aurkako euroaginduari dagokionean, martxoaren 25era atzeratu du ebazpena Frantziako Dei Auzitegiak. 1996. urtean Donostiako epaitegi batean lehergailua jartzea egozten diote. Hala ere, 2001. urtean Guardia Zibilaren torturapean eginiko adierazpenak baliatu dituzte Sorzabal akusatzeko.