ACTUALIDAD / Represión

Datuen Babesak 'La Directa' zigortu eta infiltratutako poliziei buruzko informazioa kentzera behartu du

Infiltratutako lau agenteren salaketari erantzuten dio ebazpenak. Komunikabideak, bitartean, infiltratuen inpunitateaz eta prentsa-askatasunen aurkako ebazpenak dakarren aurrekari arriskutsuaz ohartarazi du.
2026eko uztailaren 29 - 10:00
Datuen Babesak 'La Directa' zigortu eta infiltratutako poliziei buruzko informazioa kentzera behartu du
— ARGAZKIA vilaweb.cat

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (AEPD) zigor-ebazpen bat eman du La Directa komunikabidearen aurka, eta Kataluniako mugimendu independentistan eta hainbat kolektibo sozialetan infiltratutako poliziei buruz egindako ikerketei lotuta, argitaratutako informazio eta irudi batzuk kentzeko agindu du. Lau polizia-agentek formalki jarritako salaketa bat da agentziaren ebazpenaren abiapuntua, euren infiltrazioa argitara eman baitzuen La Directa-k.

Ebazpenaren aurrean, komunikabideari babesa emateko manifestu bat atera dute mahaira hainbat eragilek eta norbanakok, AEPDren prozedurarekiko kezka sakona adieraziz. Sinatzaileen arabera, La Directa egunkariaren kazetaritza-lana "egiazko informazioa komunikatzeko eta jasotzeko eskubidearen legezko erabilera da, Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluaren babesean", eta gogorarazi dute "hedabideen funtsezko funtzio demokratikoak botere publikoen kontrola barne hartzen duela, batez ere, oinarrizko eskubideei eragiten dieten isilpeko polizia-jarduerak ikertzen direnean". Aipatutako informazioen garrantzia publikoa eztabaidaezina da; izan ere, La Directa-k egindako aurkikuntzek Kataluniako Parlamentuan ikerketa-batzorde bat sortzea eragin zuten, Espainiako Diputatuen Kongresuan ekimen eta galdera parlamentario ugari sortu zituzten, eta jarraipen zabala izan zuten nazioarteko erreferentziazko hedabideetan, hala nola The Guardian edo La Repubblica-n.

Gertakariek oihartzun publikoa izan arren, eta hedabideko erredakzioak agenteen benetako nortasuna babesteko hainbat neurri hartu bazituen ere, AEPDk ondorioztatu du zabaldutako datu eta argazki jakin batzuk "bateraezinak" direla "datuen babesaren arloan indarrean dagoen legeriarekin". Jarrera horrek alarmak piztu ditu kazetaritzaren sektorean eta gizarte-mugimenduetan; izan ere, ohartarazi dute zigor ekonomikoen mehatxuak eta edukiak kentzeko ezarritako betebeharrak "intimidazioa" eta "mozala" jartzea bilatzen duela, ikerketa-kazetaritzari dagokionez. La Directa-ri babesa eman dioten eragileek salatu dutenez, neurri horiek "parte-hartze publikoaren aurkako demanda estrategikoak" deiturikoen parekoak dira, ingelesezko siglekin SLAPP izenez ezagutzen direnak, eta helburutzat dute mugak jartzea instituzio publikoentzat deserosoa izan daitekeen informazioa argitaratzeari.

Manifestuaren sinatzaileen arabera, gainera, AEPDren erabakia "aurrekari oso arriskutsua da polizia-indarren barruan gehiegikeriak edo jarduera irregularrak ikertzen dituzten informazio-profesional guztientzat". Azpimarratzen da, halaber, Espainiako Estatuan aplikatutako irizpidea ez datorrela bat antzeko eskandaluen aurrean Erresuma Batuan izandako erantzun instituzionalarekin. Britainiar testuinguruan, jakitera eman zenean infiltratutako agenteek harreman intimoak izan zituztela zelatatutako pertsonekin, bai indar polizialek bai gobernuak erantzukizunak beren gain hartu zituzten, biktimei barkamen publikoa eskatu zieten eta kalte-ordainak eman zizkieten. Kasu hartan, inplikatutako polizien nortasunak eta argazkiak askatasun osoz argitaratu ziren komunikabideetan, eta gaur egun ere eskuragarri daude, gertakarien berri eman zutenen kontrako zigorrik gabe.