Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Covid ziurtagiriaren derrigortasuna eremu gehiagotara zabaltzea begi onez ikusi du EAEko Auzitegi Nagusiak, fiskaltzak aurretik egin modura. Hortaz, auzitegiak nolabaiteko berme zalantzagarri bat eman dio Eusko Jaurlaritzari, neurri berria indarrean sartu dezan. Horren arabera, 300 kasutik gorako intzidentzia tasadun udalerrietan, ziurtagiria edukitzea derrigorra izango litzateke, besteak beste, zentro soziosanitarioetara, adineko pertsonen egoitzetara, kirol instalazioetara, ostalaritza lokal guztietara, kultur ekitaldi handietara edota espetxeetara sartzeko. Printzipioz, 12 urtetik beherako pertsonek eta aipatutako lekuetako langileek ez lukete neurria bete beharko.
Orain arte, gaueko tabernetara, diskoteketara, musika tabernetara, karaoke tabernetara nahiz 50 bezero baino gehiagoko jatetxeetara sartzeko eskatzen zuten pasaportea nagusiki. Zehazteke dago noiz sartuko den indarrean neurria aipatutako gainontzeko eremu guztietan.
Eusko Jaurlaritzak aurreko astean eskatu zion EAEko Auzitegi Nagusiari balorazio juridiko bat, Covid pasaportearen erabilera hedatu ahal izateko. Auzitegiak adierazi du neurri hori "beharrezkoa, egokia eta proportzionatua" dela; dena den, azpimarratzekoa da bestelako iritzi bat azaldu zuela azaroan, ziurtagiria eta musukoaren kaleko erabilera derrigor bihurtzeko abala eskatu zionean Jaurlaritzak.
Orduan, auzitegiko epaileek ebatzi zuten oinarrizko hainbat eskubide urratzen zituela Covid ziurtagiriaren ezarpenak; hala nola, berdintasunerako eta intimitaterako eskubidea, biltzeko eskubidea, leku publikoetara sarbidea izateko eskubidea, eta abar.