Argi esan du Eusko Jaurlaritzak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Covid ziurtagiria eskatzen jarraitzea nahi du. Gaur egun, pasaportea derrigorrezkoa da ostalaritza establezimenduetan, ospitaleetan, aisialdi ekitaldietan, kirol instalazioetan, adineko pertsonentzako egoitzetan edota espetxeetan.
Ziurtagiria eskatzeko agindua luzatzea galdegin du Jaurlaritzak, eta horri onespena eman dio gaur Euskal Autonomia Erkidegoko fiskaltzak. Neurria luzatzea "beharrezkoa, egokia eta proportzionala" dela esan du oraingoan fiskaltzak, baina EAEko Auzitegi Nagusiak hartuko du erabakia bihar, otsailaren 1ean.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iazko abenduaren 14an sartu zen indarrean Covid ziurtagiriaren erabilera, eta joan den urtarrilaren 18an eskatu zuen Jaurlaritzak neurria luzatzeko. Ez zuen hori bakarrik eskatu, gainera: ziurtagiria are eremu gehiagotan derrigorrezkoa izatea ere eskatu zuen, hain zuzen, hoteletan eta ostatu turistikoetan.
Ziurtagiriaren erabilera zabaltzea, dena den, ez du onartu EAEko fiskaltzak. Ikusteke dago zer dioen Auzitegi Nagusiak.