Berehalako beste etxegabetze-agindu baten berri eman dute Iruñerrian, Burlatan hain zuzen ere: CaixaBankek bihar bota nahi du andre bat bere etxetik, abenduaren 18rako ezarri baitute desalojoa, epaiketarik gabe. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, alokairu sozialean bizi da Maria Pilar izeneko emakumea, gaur egun, CaixaBanken higiezin filial baten (Building Center) jabetzakoa baita bere etxea. Maria Pilarren eta bere familiaren aurkako hipoteka-betearazpen baten bidez eskuratu zuen pisua Building Centerrek, eta bankuaren hainbat iruzurren ondorioz, gerora ezin izan du errenta ordaindu. Horregatik etxegabetu nahi dute orain.
Etxegabetzea gelditzera deitu du sindikatuak, eta beraz, hitzordu bat jarri du bihar goizerako: 08:00etan Burlatako San Frantzisko kaleko 1. zenbakian elkarretaratuko dira. Azken urtean hainbat kaleratze geratzea lortu dute hala, esaterako Burlatan bertan, Alde Zaharrean eta Artikaberrin. 2012an ere ehunka lagun mobilizatu ziren Maria Pilarren etxegabetzearen kontra, eta lortu zuten desalojoa etetea. "Gelditu dezagun berriz ere etxegabetze hau, CaixaBank bezalako espekulatzaileei oroitarazteko haien etxe guztiak langile-klasearen eskuetan egon beharko liratekeela", diote sindikatuko kideek.
Duela hamahiru urte ere saiatu ziren Maria Pilar etxetik botatzen
"Honako hau ez da Maria Pilarrek etxegabetze-prozedura bat sufritzen duen lehenbiziko aldia", ohartarazi dute. 2004tik bizi da Burlatako etxe horretan, eta garaian adingabeak ziren hiru seme-alabekin batera sartu zen bertara. Alokairuan bizi ziren lehenengo, baina bere bikotekidea zenarekin batera erosi zuen etxea gero, Banco de Valenciarekin hipoteka-kontratu bat sinatuz.
"Laster hasi ziren arazoak, higiezinen burbuilak eztanda egitearekin eta interes-tipoen igoerarekin batera", azaldu dute: "Soilik interesetan, 1.200 euro ordaintzera iritsi ziren. Ondorioz zorrak pilatzen joan zitzaizkien, eta etxegabetze-prozedura abiarazi zuen bankuak haien aurka". 2012ko udazkenerako ezarri zuten desalojoa.
Momentu horretan, baina, etxegabetzeari aurre egin zion Burlatako Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH), eta 200 bat pertsonak egin zioten aurre kaleratzeari 2012ko azaroaren 26an. Epaileak desalojoa etetea lortu zuten hala, eta hurrengo egunean, Banco de Valencia erosteko kontratua sinatu zuen CaixaBankek, euro baten truke. Aldi berean, "Sareben bitartez, 45.000 milioi euroko 'erreskate' publikoa adostu zuten", sindikatuak gogorarazi duenez.
"Erosketa horrek Maria Pilarren etxearen etorkizuna baldintzatuko zuen gerora, Banco de Valenciaren jabetza guztiak banku erraldoiaren eskuetara igaro baitziren", dio. 2015ean, emakumeak alokairu sozialeko kontratu bat sinatu zuen Building Centerrekin; Obra Sozialeko Alokairu Solidarioa programan sartu zuten, alokairua ordaintzeko dirulaguntza batekin.
CaixaBanken iruzurra
Building Centerrek iazko udan esan zion Maria Pilarri aldaketak izango zirela alokairuaren kudeaketan eta web-orri baten bidez egin beharko zituela ordainketak aurrerantzean. Modu horretan, baina, ez zuen lortzen errenta ordaintzea, eta Building Centerri jakinarazi zion, bai e-mail bidez bai telefonoz, "ordaintzen jarraitu nahi zuela eta bide bat erraztu ziezaiotela". Ez zuen erantzunik jaso.
Epaitegiekin ere saiatu da harremanetan jartzen, baina ez da kontuan hartu. Hori gutxi balitz, uda berean kendu zioten CaixaBanken dirulaguntza, argudiatuz ez zituela dokumentu batzuk aurkeztu laguntza berritzeko. Biktimak adierazi du hori gezurra dela.
Moratoriarik eta epaiketarik ez
Building Centerrek egoera horretan abiatu zuen etxegabetze-prozesua, esanez Maria Pilarrek ez zuela alokairua ordaindu. Urrian izan zuen horren berri. "Etxegabetze horren aurrean moratoria ezartzeko dokumentuak aurkeztu ziren, teorian zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen etxegabetze guztiak behin-behinean eten beharko lituzkeen neurria", jakinarazi du sindikatuak: "Askotan ez da ezartzen, gehienetan irizpide guztiz arbitrarioei helduta, eta ikerketek frogatzen dute lau etxegabetzetik ia hiruk gauzatzen jarraitu dutela moratoria indarrean egon den urteetan".
Horixe bera da Maria Pilarren kasua, zaurgarritasun-txostena aurkeztu arren, ukatu egin baitiote moratoria: aste honetan jaso du ezezkoa. Gainera, oraingoan, epaiketarik ere ez da izan; nahiz eta, berez, epaiketa bat egin behar den halako kasu guztietan. "Beste behin ere, epaitegiak etxebizitzaren negozioaren mesedetan jarduten ari dira", salatu du.
20.000 etxe baino gehiago Building Centerren esku
CaixaBanken higiezin aktiboak kudeatzen ditu Building Centerrek, eta Espainiako Estatuko errentatzailerik handiena da, sindikatuaren esanetan: 20.000 pisu baino gehiago ditu alokairuan, horietatik 174 gutxienez Nafarroan.
Hala ere, "etxebizitzaren negozioan ateratzen dituen irabazi ikaragarriak nolabait justifikatzeko, bankuak obra soziala eta antzeko ekimenak jarri ditu martxan azken hamarkadetan", Iruñerriko kideek seinalatu dutenez. Nabarmendu dute, baina, horrek ez duela ekidin "abusuzko praktikengatik eta etxegabetzeengatik salaketa mordoa jaso izana". Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berak demanda bat jarri zuen CaixaBanken kontra, abusuzko klausulengatik. Epaitegietan dago auzia.