ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/28 12:45

Elkarretaratze bat egin dute gaur Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) gizarte-zerbitzuen bulego parean, ostegun honetarako finkatuta dagoen etxe-kaleratzearen aurka. Indarkeria matxista jasandako emakume bat eta bere bost seme-alabak etxegabetu nahi dituzte etzi, eta gaur goizeko protestan, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du zerbitzu publikoek ez diotela kalitatezko bizitoki-alternatibarik ziurtatu familiari. "Horrek arrisku larrian jartzen du familia hori, negu betean, kalean geratzeko arriskuan baitago, bere segurtasuna eta ongizatea bermatuko dituen irtenbide egonkorrik gabe", azaldu dute sindikatuko kideek.

Batu zaitez etxegabetzea gelditzera lelopean mobilizatu dira gaur, izan ere, mobilizazio deialdi bat egin dute kaleratzea ezarrita dagoen egunerako. Ostegunean bertan, 09:00etan, Basilio Armendariz kaleko 6. zenbakira bertaratzera deitu dute, etxegabetzeari aurre egiteko eta familia kale gorrian geratzea ekiditeko. "Ezin dugu onartu horrelako egoerak gertatzen jarraitzea, eta erakundeei eskatzen diegu kalitatezko etxebizitza bat berma dezatela zaurgarritasun-egoeran dauden pertsona guztientzat, batez ere genero-indarkeriaren biktima direnentzat", gaineratu dute.

Erabateko babesgabetasuna

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, senar ohiaren indarkeria matxista pairatu ostean, "indarkeria mota berri bat" jasaten ari da aipatutako emakumea: "Erabateko babesgabetasuna instituzioen partetik". Bizitoki-alternatiba baten falta "egoera are gehiago larriagotzen ari da", "bere burua eta seme-alabak babesteko behar duen etxea" galtzeko arriskuan egoteaz gain, "etorkizunaren inguruko ziurgabetasunak arrisku-egoeran jartzen baitu berriz".

NO HAY COMENTARIOS