ACTUALIDAD / Pederastía
Bost adingabek jasandako sexu-erasoen berri eman dute Trebiñun eta Iruñean
Trebiñun 12 eta 16 urte arteko hiru adingaberi eraso die gizon berak. Iruñean, berriz, 10 urteko neska bat bahitzen saiatu zen gizonezko bat, eta ukituak egin zizkion adin bereko beste bati.
2025eko uztailaren 8
Bost adingabek jasandako sexu-erasoen berri eman dute Trebiñun eta Iruñean

Atzo atera zen argitara 31 urteko gizonezko bat atxilotu zutela Trebiñun (Araba) ekainaren 25ean, adin txikiko hiru pertsonari sexu-erasoak egiteagatik. 12 eta 16 urte artean dituzte, eta gutxienez bi hilabetez luzatu dira erasoak. Hainbat hedabideren arabera, erasotzaileak opariak eta jolasak erabiltzen zituen haiengana hurbiltzeko. Miranda de Ebroko (Burgos) epaile batek ekainaren 27an erabaki zuen behin-behinean espetxeratzea.

Iruñean (Nafarroa), bestalde, beste bi adingabek gizon beraren partetik jasandako erasoen berri eman dute. Uztailaren 5ean gertatu ziren. Gaueko 23:00ak baino lehen, Errotxapeako barraketan, erasotzaileak besoetan hartu zuen 10 urteko neska bat, bera bahitzen saiatzeko. Kalean zeuden hainbat pertsonak ekidin zuten gizonezkoak haurra eramatea. Handik gutxira, eta barraketatik gertu (Descalzos kalera igotzen diren igogailuetatik hurbil), 10 urteko bigarren adingabe bati eraso zion pertsona berak: ukituak egin zizkion.