ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ahotsa
2019/04/30 14:22

Pasa den ostegunean greba egin zuten Uharteko (Nafarroa) Itaroa saltoki guneko Yelmo zinema aretoetako langileek. 30 behargin inguru dira guztira, eta gehienek bat egin zuten lanuzte deialdiarekin. Ahotsa hedabidearen arabera, soldaten igoera da beren aldarrikapen nagusia. Sektore horretan ez dago hitzarmenik; hala, soldatak “oso baxuak” direla salatu dute beharginek. Lanaldi partzialean jarduten duten gazteak dira gehienak, eta besteak beste, 15-20 ordu egiten dituzte astean, 370-500 euroko soldatekin. Langileek azaldu dutenez, jaiegunak ez dituzte kontuan hartzen, eta “funtzio berriak” egozten dizkiete etengabe, soldata igo gabe.

Langileen ordezkapen ilegala atzoko greban

Yelmo zinema aretoetako hainbat langile arduradunek ez zuten bat egin osteguneko greba deialdiarekin. Beraiek bete zituzten egunerokotasunean betetzen ez dituzten zenbait lan, beste beharginek egin ohi dituztenak, alegia. Beraz, langileen greba batzordeak salatu du ilegalki ordezkatu zituztela lanuztea egiten ari ziren langileak.

Ostegunean “tentsioa handitu” zela azaldu du Ahotsa-k. Greban zeuden langileak zinema aretoetako bezeroei grebaren nondik norakoak azaltzen aritu ziren, baina Guardia Zibilak saltoki gunetik kanporatu zituen. Hala, Itaroa kanpoan egin zuten elkarretaratzea beharginek, pankartekin lagunduta.

Enpresaren eskaintza, soldata hilean 4 eta 6 euro artean igotzea

Ahotsa-ren esanetan, enpresarekin negoziatzen ahalegindu dira Yelmo zinema aretoetako langileak, baina eskaintza bakarra egin die; soldata %1’2 igotzea, hau da, hilean 4 eta 6 euro artean. Beharginen arabera, “miserablea” da eskaintza hori. Bestalde, Espainiako Estatuan enpresa berean soldatapean lanean daudenen artean “elkartasuna” gailendu dela esan du Ahotsa-k. Area Sur de Jerezeko (Madril) Yelmo zinema aretoetako langileek komunikatu bat argitaratu dute, elkartasuna adierazteko.

Vengadores filma estreinatu berri dute zinemetan, eta emanaldietara jende asko bertaratuko dela aurreikusten dutenez, grebaren ondorioz, “urduri” daudela iritzi dute langileek. Hala, bezeroei zuzendutako zenbait ohar helarazi dituzte langileen greba batzordetik; batez ere, beren aldarrikapenekin bat egiteko eta zinema aretoetara ez joateko dei egin dute. Bestela, edaria eta janaria zineman ez erosteko eskatu dute, enpresak modu horretan lortzen baititu irabaziak. Emanaldiaren ostean kexa orriak erabiltzera dei ere egin dute.