ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Amets Argarate eta Maren Lezaun.
2025/11/20 21:44

Manifestazio bat antolatu duzue biharko, Aritzalatik Abartzuzaraino. Zer dela eta?

2009tik, Maestro Avila fundazioko hainbat familia Deierrira, Gesalatzera eta Abartzuzara joan dira bizitzera. Estellerriko eskualde honek biztanleria-galera handiak jasan ditu azken urteetan, eta horrez gain, herri txikien sakabanaketa handiak leku estrategiko bilakatu du hau sekta faxista honentzat. Gutxinaka, hainbat herritako etxeak erosi dituzte zarata handirik atera gabe. 2009an Argiñanon ireki zuten eskolarekin, agerian geratu zen haien benetako intentzioa: ideia erreakzionarioak lantzen dituen eta ultraeskuineko alderdi politikoekin harremanak dituen komunitate sektario gero eta zabalago bat eraikitzea. Orain Anderazko eskola erosi dutela, alarma guztiak piztu dira.

Biharko mobilizazioaren bidez, alde batetik, garbi adierazi nahi dugu ez ditugula faxistak nahi gure herrietan eta ez dugula onartuko haien ideia arrazista, matxista, klasista eta euskarafoboak zabaltzea, ez hemen ez inon. Bestalde, Abartzuzako Udalari eskatu nahi diogu, behin autokritika eginda, hitzetatik ekintzetara pasatu dadila. Dagokion ardura bere gain har dezala eta egoerari aurre egiteko alternatiben bila has daitezela. Herritarron antolakuntzari eta presioari esker, hasi gara mugimenduak ikusten, eta horixe da benetako aurrerapausoak emateko bermea.

"Estellerriko eskualde honek biztanleria-galera handiak jasan ditu azken urteetan, eta horrez gain, herri txikien sakabanaketa handiak leku estrategiko bilakatu du hau sekta faxista honentzat"

Azaldu duzue sektak eraikin publiko bat erosi duela berriki Abartzuzan, eta hori izan dela zuen kezkek gainezka egitea ekarri duena. Zein asmo izan ditzake sektak zuen ustez?

Ez dakigu zein den erositako eraikinerako duten egitasmo zehatza, baina argi dagoena da Anderatz puntu estrategiko bat dela haien proiektu politikoa garatzeko, eta aurrerapauso garrantzitsua izan dela haientzat. Oso eraikin handia da eta seguruenik haien helburua pertsona gehiago erakartzea izango da, beren ideiak zabaltzeko. Gaur egun Argiñanon dute eskola txiki bat, balio faxistetan oinarrituriko hezkuntza trasmititzeko helburua duena eta haien haurrak gainontzeko komunitatetik isolatuta mantentzen dituena. Orain, dimentsio handiagoa lortzeko pausoa eman dutela dirudi, hezkuntza faxista bermatzea eta marko politiko faxistak garatzea ahalbidetuko dien espazio bat erosita.

"Dimentsio handiagoa lortzeko pausoa eman dutela dirudi, hezkuntza faxista bermatzea eta marko politiko faxistak garatzea ahalbidetuko dien espazio bat erosita"

Urteak eman dituzte isiltasunean, baina isiltasun hori hautsi egin zen eta haien presentzia nabaritzen hasi zen herritarrekin izandako lehenengo talkan, urtero Abartzuzan egiten den Fernando Rosen omenezko ekitaldia ekiditen saiatu baitziren. Gainera, gatazka gehiago sortu dira inguruko herritarrekin. Eraikina erostearekin batera, faxistek inguruko hainbat lur ere eskuratu zituzten, eta jendeak paseatzeko edo nekazariek beren lurretara lanera joateko erabiltzen zuten bidea itxi dute, bertatik pasatzea debekatuz.

Zein jarrera hartu du Abartzuzako Udalak horren aurrean?

2025 hasieran, zenbait komunikabideren bidez jakin genuen Anderazko eskola 700.000 euroan saldu zutela, Errioxako inbertsio-funts baten bidez. Badirudi funts hori enpresa "pantaila" bat zela, eta agerian geratu zen benetako erosleak Maestro Avila fundazioko partaideekin erlazio zuzena zuela.

Abartzuzako Udalak salmenta horren bidez okerreko pausoa eman bazuen ere, aurreko astera arte ez du iritzi publikorik eman gaiari buruz. Gainera etengabeko trabak jarri ditu, Herri Antifaxistak plataformak azaroan antolatutako mahai-ingurua eta Anderatz taldeak egindako hitzaldi informatiboa debekatuz eta Abartzuzako herritarrei udalarekin biltzeko aukerarik ez emanez, adibidez.

Herri Antifaxistak, Anderatz taldeak eta orokorrean herritarrok sortutako presio soziala dela eta, udalak duela egun batzuk argitaratu zuen gaiari buruzko adierazpen publiko bat. Herri Antifaxistak plataformatik positibotzat jotzen dugu udalak egoerari buruzko autokritika egin izana, eta horregatik, elkarrizketa-mahai bat irekitzeko eskaera egiten diogu, gai honi ahalik eta lasterren heldu ahal izateko.

Azaldu duzue sektak loturak dituela hainbat talde faxistarekin, Voxekin eta Fuerza Nuevarekin kasu.

Urrian Aritzalan izandako proiekzioan ikusi genuen Maestro Avilaren sektak erakunde zein alderdi faxistekin erlazio zuzena duela, horien artean Fuerza Nuevarekin, Voxekin, Alternativa Españolarekin eta bestelakoekin. Ahoztar Zelaietak egindako ikerketaren arabera, Jesus Alfaro apaiza da fundazioaren presidentea. Eliza katolikotik kanporatua izan zen Alfaro, publikoki ideia antisemitak eta ultraeskuindarrak adierazteagatik.

Bestetik, sektako hainbat familiatan daude Fuerza Nuevako militanteak eta militante ohiak. Blas Piñarren ilobak ere badira hor; Fuerza Nuevaren fundatzailea izan zen Piñar. Fuerza Nuevak diktadura frankistaren jarraipenari eusten zion Trantsizio garaian, eta lotura handia zuen Falange de las JONSekin.

Bestalde, adibide bat jartzearren, Gironatik datozen hainbat pertsona Voxen hautagai gisa aurkeztu dira Vallès Occidentalen. Eta horrez gain, Gizarte, Ekonomia eta Politika Zientzien Instituaren presidentea dago tartean, Voxeko Tizona Comunicación enpresa laguntzaile gisa duena.

"Erakunde faxistekin duen loturak erakusten digu gizartean eragin nahi duela, ideologia erreakzionarioa zabalduz, koadro politiko faxistak formatuz edo erabaki politikoak baldintzatuz, presio-erakunde gisa"

Bistan da Maestro Avila sekta, funtsean, sekta faxista bat dela. Isilpean mantentzen saiatzen diren loturek argi uzten dute ez dela gizartetik aparte beste balio batzuekin bizi nahi duen sekta huts bat. Erakunde faxistekin duen loturak erakusten digu gizartean eragin nahi duela, ideologia erreakzionarioa zabalduz, koadro politiko faxistak formatuz edo erabaki politikoak baldintzatuz, presio-erakunde gisa.

Ezagutzen duzue antzeko beste kasurik?

Dakigunez, duela urte batzuk Tarazona inguruko eraikin bat erosten eta bertan egoitza bat egiten saiatu zen Maestro Avila fundazioa. Kasu horretan, proiektuak porrot egin zuen inguruko biztanleen eta komunikabideen artean sortutako alertaren ondorioz. Gure bailaretan, ordea, aukera paregabea aurkitu zuten: biztanle gutxiko herri txikiak dira eta inongo zailtasunik gabe eros zezaketen eraikina.

"Gesalatz bailaran 433 biztanle dira, eta beraz, %15 dira haiek jada. Eta hori esponentzialki hazten joango da urte batzuen buruan"

Gesalatz bailaran 433 biztanle dira, eta beraz, %15 dira haiek jada. Eta hori esponentzialki hazten joango da urte batzuen buruan. Ehunekoa oso kezkagarria da, kanpotik ekarritako sektako kideen bidez biztanleriaren zati handi batek ideia ultraeskuindar eta faxistak babesten dituela errealitate bilakatzen ari delako.

Zergatik uste duzue beharrezkoa dela halako sekten aurka antolatzea eta erantzutea?

Uste dugu ezinbestekoa dela sekta horren aurrean eta edozein adierazpen faxista duten taldeen aurrean erantzun kolektibo bat ematea, ozen adierazi nahi dugulako gure herrietan ez direla ongietorriak. Horretarako, erantzun antifaxista eta antolatu bat emanez, presioa egiten jarraitu behar dugu, ez daitezen eroso sentitu eta ez dezaten haien proiektua garatzeko aukerarik izan, ez gure bailaran ezta beste edozein lekutan ere.

"Uste dugu muturreko ideia horien aurrean ezin dela tolerantziarik izan eta ideia faxistak dituzten taldeekin ez dagoela inongo bizikidetza posiblerik"

Bide horretan, urgentziazkoa da ideologia horren zabalpenari eta haren normalizazioari aurre egitea. Izan ere, uste dugu muturreko ideia horien aurrean ezin dela tolerantziarik izan eta ideia faxistak dituzten taldeekin ez dagoela inongo bizikidetza posiblerik. Horregatik, posizionamendu eza ez da aukera bat, ustezko neultraltasunak haien diskurtsoari arnasa eman eta proiektua isilean eta oztoporik gabe garatzen laguntzen baitie. Argi daukagu gorroto-ideologia horren aurka eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde borrokatzea premiazkoa dela eta aurrean izango gaituztela.

Mobilizazioa aurkezteko agerraldian aipatu zenuten zuen bailaretan gertatzen ari dena ez dagoela faxistizazio testuingurutik isolatuta. Zer esan nahi zenuten horrekin?

Franco hil zenetik 50 urte pasatu direla aprobetxatuta, ikus daiteke garai hartako logika eta adierazpen kultural, sozial eta politikoak oraindik presente daudela, eta krisi garaian berriz ere horrelako diskurtsoak indartzen direla. Gauzak horrela, logika horren barruan ulertzen dugu Maestro Avila fundazioak Anderazko eraikina erosi izana eta aurrerapauso hori eman izana. Azken finean, herri txiki hauetan izan duten diskrezioak, herrien despopulazioarekin eta faxistak kanporatzeko ekimen faltarekin batera, sekta faxista hau eroso sentitzeko giro ezin hobea sortu du, haien ideiak zabalduz eta sekta geroz eta handiago eginez.

"Herri txiki hauetan izan duten diskrezioak, herrien despopulazioarekin eta faxistak kanporatzeko ekimen faltarekin batera, sekta faxista hau eroso sentitzeko giro ezin hobea sortu du"

Faxistizazio testuinguruaz ari garenean, azken asteetako hainbat adibide datozkigu burura: Vito Quilesen agerraldi saiakera Iruñean edo Falangearen kontzentrazioa Gasteizen, esaterako. Instituzioek ez diote oztoporik jartzen faxismoaren normalizazioari, eta kale-mailako antifaxismoa izan da horri benetan aurre egiteko determinazioa erakutsi duena. Gure eskualdean ere, Vox alderdia Bilatortara etortzen saiatu zen duela gutxi, etorkinentzako zentro berri bat ireki dutelako. Hemen ere, militantzia eta antolakuntza antifaxista izan ziren etorkinekiko zabaldu nahi duten gorrotoa geldiarazi zuena. Komunikabide handiak ere olatu horretara batu dira, eta antifaxismoa kriminalizatzeko estrategia abiatu dute. Gure ustez, horri guztiari aurre egiteko, ezinbestekoa da antolakuntza antifaxista eraginkor bat.

"Instituzioek ez diote oztoporik jartzen faxismoaren normalizazioari, eta kale-mailako antifaxismoa izan da horri benetan aurre egiteko determinazioa erakutsi duena"

Amaitzeko, dei egiten diegu Estellerriko zein beste leku batzuetako pertsonei bihar Aritzalan egingo dugun manifestazioan eta datozen ekimenetan parte hartzera.

NO HAY COMENTARIOS